Kaikuren lehen kolpea

Kaiku izan da sailkatze estropadako onena, eta faboritoa da gaurko Espainiako Txapelketako finalean

Donostia
2010eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Gaur jokatuko da Espainiako 63. Traineru Txapelketako finala, Pedreñan (Kantabria, Espainia). Atzo, baina, sailkapen estropada izan zen gaurko finalistak erabaki zitezen. Ez zen ezustekorik izan. Kaikuk eroso irabazi zuen bere txanda, eta azken luzean erritmoa jaitsi arren, eguneko markarik onena egin zuen. Txapelketetako koadrilak, beraz, esku-eskura du, ondo bidean, hamairugarren garaipena jarraian.

Pedreñako eremu berezian jokatu zen atzoko estropada, arratsaldeko 14:45ean. Ezohiko ordua da arraunlarientzat. Mareak eragin handia du eremu horretan, eta horregatik jokatu zen eguerdi partean. Bertan izango da gaurko finala ere, arratsaldeko 16:00etan. Kaiku, Castro, Orio eta Tiran ariko dira finalean. Euren artean dago aurtengo titulua.

Atzokoan parekotasuna izan zen nagusi. Espero zena. Lehen hirurak, Kaiku, Castro eta Orio, bi segundoren bueltan sailkatu ziren, eta Astillero, bosgarren sailkatua, 47 ehunenekorengatik geratu zen ohorezko txandatik kanpo. Beharbada, bigarren txandan aritu zirenek abantaila gehiago izan zuten, haizeak nabarmen egin baitzuen behera.

Tiran, Hondarribia, Astillero eta Kaiku aritu ziren lehen txandan. Lehen paladetatik agerian geratu zen Bizkaitarrak barruan daraman indarra. Bigarren ziabogan hamar segundoren abantaila zuen Tiran eta Astillerorekiko. Gaurko finalerako postua ziurtatuta, azken luzea 35 paladetara amaitu zuten Jose Luis Kortaren mutilek. Indarrak gordetzeko asmoz agian, bigarren kolpea emateko. Bigarren posturako lehia izan zen Tiran eta Astilleroren artean. Galiziarrek ezustekoa eman, eta finalera sailkatzea lortu zuten. Hala, erakutsi zuen azken estropadetan emandako maila ez dela kasualitatearen ondorioa.

Bigarren txandan lehia are eta estuagoa izan zen. Castro eta Oriozein baino zein gehiago aritu ziren amaierara arte. Helmugan kantabriarrak gailendu ziren. Orio sailkatu zen bigarren 43 ehunenekotara, eta Pedreña hirugarren hamaika segundora. Etxekoek denbora asko galdu zuten, bigarren ziabogan aurrekoari arraun txikia erori baitzitzaion. Ondorioz, gaur kontsolazio tandan ariko dira Astillero, Hondarribia eta Amegroverekin batera.

Bestalde, gizonezkoen ohorezko txandaren aurretik emakumezkoen finala jokatuko da. Hiru talde ariko dira soilik: Bilboko Arraunlariak, Rias Baixas eta Astillero. Gizonezkoen estropadan 48.000 euro banatuko badituzte ere, emakumezkoetan ez da diru saririk egongo.

Isuntza nagusi, Plentzian

Isuntzak irabazi zuen KAE1 ligako hamargarren estropada atzo, Plentzian. Camargo izan zen bigarren, eta Santurtzi hirugarren. Emaitzaren ondorioz, Santurtzik bi puntu baino ez dizkio ateratzen Isuntzari. KAE2 ligako Ondarruko estropadan, berriz, Zumaiako bigarren taldeak irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.