Ba horixe, Costa Rica naizela, eta ikusi duzuen bezala, ez naiz etorri denbora pasatzera Brasil aldera. Konturatuko zineten 5-4-1 marrazkia erabiltzen dudala. Sendotasuna ematen dit defentsako lanerako, babestua sentitzen naiz. Esango duzue erasorako aukerak gutxitu egiten dizkidala marrazki horrek, baina ez da horrela.
Gustatzen zait baloia edukitzea, gordetzea, erabiltzea, unean-unean tokatzen den aukera baliatuz: pase motza atzera, pase motza aurrera, norabide aldaketa luzea, pase horizontala, pase bertikala... Eta hori guztia egiteko erabateko konfiantza daukat. Baloia oinetan izatea ez da arriskatzea; oker zaudete horretan. Arriskurik ez hartzeko aukera onena da niretzat. Erraz egiten ditut gauzak, zailtasunetan sartu gabe neure burua.
Erasoan, baloia luze antzean edukitzen badut, hegaleko atzelariek ematen didate sakontasuna, bi aldeetatik. Eta bestela, hor daukat Joel Campbell. Ikusi al duzue ze mugimendu onak eta zehatzak egiten dituen taldekideei arnasa emateko, taldeari luzatzeko aukera emanez? Eta gainera, oso ona da teknikoki. Eta azkarra. Eta golegilea. Altxorra da niretzat.
Baina taldea naiz, banakakoen gainetik. Keylor Navas ezagutzen duzue; erdiko hiru atzelariak ze lan serioa eta ona egiten duten ikusi duzue; oso zurrunak dira; Tejeda euskarria da taldearen erlojua, orratza, konpasa. Eta goraxeago daukat Bryan Ruiz, Campellek utzitako zuloak baliatzeko prest. Eta ezin ahaztu ba, Pinto entrenatzailea. Berea da lan hau guztia. Berak erabaki du jokatzen dugun bezala jokatzea, eta lan handia egin du honaino heltzeko eta horrela heltzeko, maila honekin. Kolonbiarra da bera, ez duzue askotan entzuna izango eta.
Pozik nago. Oso. Munduko Kopa honetako aurreneko ezuste potoloa eman dut. Inork ez zuen txanpon txiki bat ere ematen nire alde, multzorik zailena egokitu zaidala eta. Normala da hala pentsatzea, ez nago haserre horregatik. Nik ere banekien multzorik zailena dela: lau talde handi gaudelako bertan. Ni ere ez bainaiz Uruguai, Italia eta Ingalaterra baino gutxiago. Gaurko bidetik segitzea baino ez daukat. Zaila izango dela? Bai horixe. Baina Pintok esan berri duen bezala: "Aurreneko pausoa eman dugu. Orain dator onena".
Konfiantza aipatu dizuet goraxeago. Handia daukat nire lanean. Uruguai aurreratu egin bazait ere (0-1) lehen zatian, nire indarrak ez dira akitu. Ez dut etsi. Badakit nire eredu landu honekin gauza politak egin ditzakedala, eta egin dut gero. Ikusiko zenuten ere abila naizela geldikako jokaldiak baliatzen. Horrela sartu du Duartek bigarren gola. Campbellek lehenxeago sartzea egundoko poza izan bada, atera kontuak bigarren hau zer izan den. Eta hirugarrena sartzea latza, mundiala. Ureña zakur zaharra da, eta zelairatu eta ukitu duen lehen baloia, barrura. Hortxe erabaki da emaitza.
Bukatzeko, gauza bat eskatu nahi dizuet: umiltasuna da nire oinarria. Aurkari guztiak errespatzen ditut, eta eskatu nahi dizuet Uruguairi ez emateko egur asko. Talde handia da, maisu handia dauka aulkian, Oscar Washington Tabarez, eta sekulako ibilbidea duen taldea eta entrenatzailea izanik, ez hartu kontuan gaurkoa bakarrik. Futbolean bi taldek jokatzen dute, eta gaur, ni, Costa Rica, hobea izan naiz. Ez eman jira gehiago.