Kalejira Vueltaren aurka

ESAITek protesta egitera deitu du hilaren 18 eta 20rako, «txirrindularien lana errespetatuz»

ESAITeko kideek atzo Iruñean egindako agerraldiaren une bat, Santo Domingo aldapan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Vuelta Iruñetik abiatuko da hilaren 18an. Denera, lau etapak ukituko dituzte Euskal Herriko lurrak, aurtengo honetan. Egoera hori UPN, PP eta PSOEren «probokazio eta inposiziotzat» jo du ESAITek, eta herritarrak protesta egitera deitu ditu. «Txirrindularien lana errespetatuz, nazioa garela eta Euskal Herria bizirik dela erakutsi behar dugu», azaldu dute taldeko kide Martxel Toledok eta Mikel Uzkudunek, Iruñean egin duten agerraldian.

Protesta egiteko, hain zuzen ere, bi aukera izanen dira, ESAITen eskutik. Hilaren 18an bertan, batetik, Nazioa gara, Euskal Herria onartu eta errespetatu lelopean, kalejira antolatu dute Iruñean Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko kideek. Eguerdiko 12:30ean hasiko da, Santo Domingo aldapan, eta Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean amaituko da, Karlos III.a etorbidean.

Bertzetik, hilaren 20an, Eibarko Arrateko santutegia izanen da protesten toki. Han amaituko da Vueltako eguneko etapa. Bizikleta martxa eginen du ESAITek egun horretan, 12:30etik aurrera, herriko Unzaga plazatik, santutegiraino. Vuelta pasatuko den herri guztietako biztanleei gisako ekinaldiak martxan jartzeko eskatu die ESAITek. «Txirrindularien lana errespetatzen dugu, baina bada zintzo jokatzeko ordua. Argi utzi behar dugu Euskal Herria nazioa dela», erran du ESAITeko kide Mikel Uzkudunek.

Euskal Herriaren nazio izaeraren kontra egitea da Vueltak hemen eginen dituen etapen helburua, ESAITeko kideen ustez: «Vueltako hainbat etapa Euskal Herrian egiteko erabakia ez da kirol irizpideen arabera hartu; UPNk, PPk eta PSOEk erakutsi nahi dute Euskal Herria Espainiaren zati bat dela, eta horretarako baliatzen dute Espainiako Vuelta», salatu du Mikel Uzkudunek.

«Euskal nortasuna zapaldu»

Kirolaren erabilera politikoa egiten dute alderdiok, ESAITen ustez. «Euskal nortasuna zapaldu, eta espainiarra indartzea ia obsesio bilakatu da haientzat», erantsi dute taldeko kideek. Alde horretatik, Espainiako Vueltako hainbat etapa Euskal Herrian egiteko aukera erraztu dutela azpimarratu du Uzkudunek, eta, alderantziz, Euskal Herriko Itzuliaren, Donostiako Klasikoaren eta Lizarrako Miguel Indurain Sariaren gisako lasterketek jasotzen dituzten diru laguntzak murriztu egin dituztela aurten.

«Arduraz» jokatzea da kontua, ESAITeko kideen hitzetan, eta,horregatik, «Euskal Herriak duen egoera politikoa kontuan hartuta», beharrezkotzat jo dute, «txirrindulariak errespetatuz, Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea».

ESAITeko Martxel Toledok gogora ekarri du iazko Vueltako bi etapa izan zirela Euskal Herrian, eta aurten lau izanen direla. «Ez da kasualitatez hartutako erabakia; ez da kasualitatea, halaber, Vuelta Iruñetik abiatzea, noiz eta 2012. urtean». Hau da, konkistaren 500. urteurrena betetzen denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.