Golak: 0-1: Aurtenetxek (3. min.); 1-1: Pastorek (21. min.); 2-1: Bodmerrek (41. min.); 2-2: David Lopezek (55. min.); 3-2: Iñigo Perezek bere atean (85. min.); 4-2: Houarauk penaltiz (89. min.). Epailea: Matej Jug. Txartel horiak: PSGko Neneri; eta Athleticeko Ibai, Ekiza eta San Joseri. Bestelakoak: 38.000 ikusle Printzeen Parkean.
Athleticek galdu egin du Paris Saint-Germainen kontra. Europako Ligan galtzen duen lehen norgehiagoka izan da. Neurketa hasi aurretik esperantza gutxi zuten talde zuri-gorriko zaleek. Lehoien alde apustu egiteko pisuzko arrazoi gutxi zeuden. Lehenik, ezer ez zuelako jokoan. Multzoko lehen postua poltsikoan zuela zelairatu baitzen Printzeen Parkera. Bigarrenik, Marcelo Bielsak txandatzeak egitea erabaki zuelako. Hau da, ez zituela bere ustez onenak diren futbolariak zelairatu. Eta aurkaria ona edo erdipurdikoa izan, talde batek aldaketa asko egiten dituenean nabaritu egiten zaio. Neurketek ematen duten erritmo barik dauden jokalari asko zelairatzen direnean nabaritu egiten baita. Eta, hirugarrenik, aurrean txartela jokoan zuen talde bat zuelako.
Talde frantziarra derrigortuta zegoen hiru puntuak eskuratu eta zaleen aurrean itxura ona ematera. Eta, hala ere,Salzburgok Slovanen etxean egitenzuenaren mende zegoen final-hamaseirenetarako txartela eskuratzeko. Neurketa hasi aurretik zituen hiru helburuetatik bakarra lortu zuen: hiru puntuak etxean geratu ziren, baina ez ziren nahikoa izan aurrera egiteko. Eta, gainera, egindako jokoa ez zen jarraitzaileak gustura uzteko modukoa izan. Milioiek ez dute beti arrakasta ziurtatzen.
Futbolean joarekin bakarrik neurketa asko irabaz daitezkeela erakutsi zuen Paris Saint-Germainek. Jokoz Athletic ez zen izan aurkaria baino gutxiago, ondo egin ziolako aurre. Une askotan gehiago ere izan zen. Baina zuri-gorriei arriskua sortzea ikaragarri kostatzen zitzaien bitartean, etxekoek nahikoa zuten zelai erditik aurrera jokatzen duten futbolarien agerraldi bat Athleticen atzeko lerro guztia hankaz gora jartzeko. Arlo horretan hiru futbolari nabarmendu ziren. Gameiro erdiko aurrelari izan zen onena. Azkarra izateaz gain gol sena duela erakutsi zuen. Lehen zatian erotu egin zituen inguruan izan zituen zaintzaile guztiak. Edozein egoeratan arriskua sortzeko gai dela erakutsi zuen. Ona da.
Neneren lana ere azpimarratu egin behar da. Alaveseko jokalari ohiak urteak daramatza Parisen maila ona ematen. Eta badirudi pisua hartu duela taldean. Entrenatzaileak askatasun osoa ematen dio. Ezkerretik, erditik edota eskuinetik ager daiteke. Futbolari fina da. Hori bai, berekoi samarra ere bai. Eta hirugarren Pastore dago. Argentinarra da PSGren oraina eta etorkizuna bideratzeko aukeratutako futbolaria. Ba, Athleticen kontra jokatu dituen bi partidetan ikusitakoaren arabera, oraindik ez dio talde berriari neurria hartu. Ia ez zitzaion ikusi ere egin. Hori bai, protagonismoa izan zuen apurretan sekulako mina eman zion Athletici: gol bat eta bi aukera on sortu zituen argentinarrak. Laburbilduz, kalitatea duen talde anarkiko bat da Antoine Kombaurek zuzentzen duena. Nahikoa Europako Ligan partidak irabazteko, baina gutxitxo Europako talde indartsuenen pare aritzeko. Talde sendoa ez delako eta Europako Liga gutxietsi duelako geratu da lehiaketatik kanpo.
Jarrera ona
Athleticen jarrera, berriz, guztiz kontrakoa izan da. Zuri-gorriek ez dute pasatzen utzi gura Europan lehiatu eta gozatzeko aukera. Horregatik, ligaxka hasi zenetik aritu dira serio. Eta horregatik jokatu ahal izan zuen atzo ohikoak ez diren futbolariekin. Partida garrantzitsuenetan lekua dutela erakusteko aukera ona zela pentsatuko du batek baino gehiagok. Baina ez da erraza izaten neurketa bakar batean barruan dagoen dena erakustea. Goi mailako partida egin barik, duintasunez aritu ziren zuri-gorriak.
Aurtenetxek bigarren minuturako aurreratu zuen taldea. Buruz, korner batean. Aspaldiko partez funtzionatu zuen estrategiak. Aparteko ezer egin gabe eman zion buelta partidari etxeko taldeak. Pastorek eta Bodmerrek baliatu zituzten estrategia jokaldi bi gol bana sartzeko. Bietan makal aritu ziren zuri-gorriak.
Bigarren zatian, berriz, askoz gehiago izan zen Athletic. David Lopezek areaz kanpotik egindako jaurtiketa bikain bati esker parekatu zuen neurketa. Eta azken hamar minutuetan erotu egin zen neurketa. Lehenengo Nenek gora jaurti zuen San Josek egindako penalti inozo bat ; handik minutu batera bere atean sartu zuen gola Iñigo Perezek ; eta neurketa amaitzear zegoenean Hoarauak sartu zuen laugarrena Iturraspek Neneri egindako penaltia baliatuta. Gehiegizko zigorra.
PSG 4. ATHLETIC 2
Kalitateak erabaki du
Athleticek izan du gehienbat baloia Printzeen Parkean, baina Paris Saint Germainek sortu ditu aukera garbienakKanporaketetako zozketa bihar egingo da, eta Txapeldunen Ligatik eroritakoak sartuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu