Kameleoien atsedena

Jokin Etxanizen iritziz, Xala izan da orain arteko pilotaririk onena binakakoan. Aurrelariak edozein atzelarirekin moldatzeko duen gaitasuna eta udazkeneko geldialdian harturiko sasoi puntua nabarmendu ditu.

Xala, kirol jertsea eranzten, atzo Barriolarekin batera Eibarren eginiko entrenamendu saioan. ANDONI CANELLADA / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Xala piloteatzen ari da Astelenan. Pilota aukeraketa arazorik gabe garatu da, eta katedraleko harmailetan eserita, Jokin Etxanizek epai borobila bota du aurrelaria ikusita: «Xala izan da orain arteko pilotaririk onena txapelketan». Lehen faseko sailkapenak, Euskadi Irratia sariak eta zaleen usteak berresten du Aspeko kirol zuzendariaren iritzia. Pilotari ohiak zenbait arrazoi aletu ditu.

Sasoia da lehen arrazoia. Lekuinekoak bere burua binakakorako prestatzen asmatu du. Ia beti egiten du txapelketa ona. Bi urte dira enpresako teknikarien aginduetara hasi zela lan fisikoa egiten, eta Etxanizen ustez lan hori nabaritu zaio. Partidak ondo bukatu ditu, fresko. «Hor ere Barriolaren lana kontuan hartu behar da», gehitu du teknikariak, «lan zikin asko egiten duelako eta aurrelaria gutxiago nekatzen delako». Etxanizek, dena den, beste arrazoi bat nabarmendu du: atsedena. «Irujo, Titin, Barriola edo Gonzalezi nabaritzen zaie bi txapelketa jarraian jokatu dituztela. Karga handia da, fisikoa, mentala... Xalak, aldiz, bide laburra egin zuen lau t'erdian —partida bakarra—, eta ondo jartzeko denbora izan du. Pilotari batek txapelketa bat prestatzeko bi hilabete baditu, normala da fresko iristea».

Binakakoan ondo aritzeko ezinbestekoa da kidearekin ondo konpontzea. Ez bakarrik izaera mailan, baita jokoan ere. Xalak hiru txapel irabazi ditu ezaugarri desberdina duten hiru atzelarirekin: Lasa III.a, Eulate eta Zubieta, eta aurten ondo dabil Barriolarekin. Kameleoia da, edozein egoeratara moldatzen dakiena. «Xalak hainbat joko egin ditzake. Dohain asko ditu, eta modu desberdinetara joka dezake: errematatzen, atzera jotzen, partida gogortzen... Titinek edo Berasaluze VIII.ak, tankera bateko atzelariak behar izaten dituzte; Xalak, berriz, hainbatekin jokatu dezake, eta guztiekin ondo».

Azalpenari izaera gehitu nahi izan dio Etxanizek. Xala pilotari apala da, baina aurten Barriola ez da hain fin ibili, lau t'erdikoaren ondorenak sumatu ditu, eta Lekuinekoak hartu du ardura. «Partida berak irabazi behar du. Hitz egiteko modu bat da, baina berak erabaki behar ditu. Barriolak ez du inor dominatzen, baina inork ez du bera dominatzen. Hor Xala da ardura hartu behar duena, eta hala egin du». Halere, oraindik badu zer zuzendua, Etxanizen hitz guztiak ez dira lore. «Lehen, partidetatik asko irteten zen, buruak ihes egiten zion. Orain hori ere zuzendu du, baina gogoratu egin behar zaio partidan kontzentratuta jarrai dezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.