Iraganean, gaurkoa egun tristea izaten zen Illunben. Liga erregularra bukatzen zen, taldearen erdipurdiko lana, entrenatzailearen lanaren inguruan aldeko eta aurkako iritzi franko, eta balorazio apala. Gehiago egin zitekeelako irudipena. 2012ko liga erregularraren bukaera, aldiz, festa handi bat izango da. Lagun Arok kanporaketak jokatzeko aukera eskaratu du, lehen aldiz, eta nahikoa lorpen da hori; partida bera ahaztu gabe, sasoi bikainagatik jokalariek zale guztien eskertza jaso dezaten.
Harmailak lepo betetzea espero da, klubak ere erraztasunak eman dizkielako Illunbera bertaratu nahi duten zale guztiei. Uneak merezi du, kanporaketak jokatzeko aukera bizitzan behin bakarrik eskuratzen baita lehen aldiz. Sito Alonso entrenatzaileak eta jokalariek merezi duten omenaldia jasoko dute. Omenaldia eta bultzada, final-laurdenetan kementsu jarduteko.
Ondo bidean, Kanaria Handiaren aurkako partida irabaziko du Lagun Arok. Talde hobea delako, etxeko epelean jokatuko duelako, eta Kanaria Handiak etxeko lanak eginda etorriko delako Donostiara. Ez oporretan, baina ia-ia. Egoera horri buruzko analisi bitxia egin du Sito Alonsok partidaren bezperan: «Presioak, edo presio faltak, aurpegi asko ditu. Nork ziurta dezake Kanaria Handia igande-pasa etorriko dela Donostiara, mailari eustea lortu duelako? Agian, sasoiko partida onena jokatuko du, jokoan ezer ez duelako». Ez zaio arrazoirik falta.
Aukera bat baino gehiago
Irabaziz gero, noren aurka izango da lehen kanporaketa? Gasteizko emaitzaren baitan dago erantzuna. Bizkaiak Baskonia menderatuz gero, seigarren izango da Lagun Aro, eta gasteiztarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bizkaiak galduz gero, Valentziaren aurka. Baliteke Lagun Arok partida galtzea. Orduan, egoera erabat katramilatuko da, aintzat hartu beharko baitira Banca Civica eta Alacanten partidak. Aurreikuspen ezkorrena da hori, baina inor gutxik espero du halakorik.
Kanaria Handia menderatu nahi du Lagun Arok, eta bosgarren postua lortu
Festa handia espero da Illunben; harmailak lepo betetzea espero da, zaleek jokalarien lana eskertzeko (18:00)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu