Ez da larunbat arrunta. Ez da egun bat gehiago. Ligaxka luzea bukatzear dago, eta gaurko bi partidek dute garrantzia sailkapena argitzeko. Iruñean (17:00, Nitro), Olaizola II.a-Begino eta Titin III.a-Beroiz finalerdietan sartzen saiatuko dira. Irratia hartuta kantxaratuko dira bi bikoteak, ordurako Gernikako partida —jaialdiko aurrenekoa (17:30, Nitro)— bukatzear egongo baita. Han Gonzalez eta Laskurainek Saralegi eta Apraizi irabaztea izango dute helburu, euren tanto alde ona (+17) baliatu eta hurrengo faserako sailkatzeko. Aurkariak ere sailka daitezke, baina oso zaila dute.
Sailkatze ligaxkaren luzeak kritika asko jaso zituen txapelketaren aurkezpenean. Halere, hiru hilabete geroago, enpresek bete-betean asmatu zutela esan dezakete, ez baita deus ere jokoan egon ez den partida bakar bat ere egon, ezta azken jardunaldian ere. Are gehiago, ikusle asko joango dira pilotalekuetara azken unera arte. Iruñeko Labrit, esaterako, goraino beteko da gaur Olaizola II.a-Begino eta Titin-Beroizen partida ikusteko —Pascualen ordez ariko da Beroiz—. Asegarceko bikoteak lehen sei partidak irabazi zituen eta azken laurak galdu, eta kinka larrian iritsi da azken egunera. Tanto alde ona dauka (+11), eta Aspeko aurkariak baino garaipen bat gehiago. Halere, oraindik ez dago sailkatuta. Hemeretzi tanto behar ditu gutxienez, betiere beste emaitzen arabera. Dena den, emaitza itxuratzea aski izan daiteke.
Titin III.ak eta Beroizek, berriz, irabaztea eta aurkariek hemeretzi tanto baino gutxiago egitea lortu behar dute aurrera egiteko, eta Gonzalez-Laskurainek edo Bengoetxea VI.a-Ruizek kale egitea. Era berean, Irujo-Merino II.ak bart lorturiko emaitzak ere eragina du konbinazioetan. Apustuetan ez da alde handirik egongo. Lehen itzuliko partidan Titin III.ak eta Pascualek 22-21 irabazi zuten, Logroñon.
Gernikan ere, Santanapen, pilotalekua asko betetzea espero da, eta Gonzalez eta Laskurain izango dira faborito apustuetan. Aspeko bikoteak irabazten badu, ia seguru egongo da finalerdietan, tanto alde onaren eraginez. Galduz gero, enpresa kideek galtzea behar dute. Iazko txapelketan bi aldiz egon ziren antzeko egoeran, eta bietan irabazi zuten. Aurkariei dagokienez, oso zaila dute finalerdietan sartzea. Lehenbizi, Gonzalez eta Laskurain bederatzi tanto baino gutxiagotan utzi behar dituzte, eta Irujok eta Titinek euren partidak gal ditzatela itxaron. Zailegia. Lehen itzulianGonzalez-Laskurainek irabazi zuten, Urdulizen (22-18).
Kantxara, irratiarekin
Binakako txapelketako bi partida jokatuko dira gaur, Gernikan eta Iruñean, eta bi bikote sar daitezke finalerdietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu