Katedrala antzokiaren aurretik

Ez da txarra Manchester eta Old Trafford buruan edukitzea, baina aurretik Lokomotiv Mosku kanporatu beharra dauka AthleticekZuri-gorriek garaipena behar dute Europako Ligan aurrera egiteko, baina ezin dira erotu

Athleticeko jokalariak lan saioa egiten, atzo, Lezamako zelaian, gaurko Europako Ligako norgehiagokari begira. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Amets egitea gauza ederra da. Ederra izateaz gain, beharrezkoa ere bada. Ez da ezer kostatzen, gainera. Baina, ametsak betetzeko, gogor dago lan egin beharra. Ez da nahikoa helburua buruan izatea. Amestutakoa betetzeko egin behar den aurreneko gauza hankak lurrean izatea da. Hau da, amets egitearen kontrakoa. Athleticeko jokalarien eta jarraitzaileen ametsetan lehoiak Old Trafford futbol zelaian jokatzen agertzen dira, Manchester United handiaren kontra. Baina ametsa baino ez da hori. Esnatu bezain laster konturatzen dira aurrez bestelako lanak daudela egiteko: Lokomotiv Mosku gainditzea, hain zuzen ere.

Athleticek irauli egin beharko du kanporaketa, Europako Ligan jarraitu gura badu. Taldea ematen ari den itxura eta zaleek berez duten baikortasuna ikusita, ematen du jokatu aurretik dena eginda dagoela. Baina ez da horrela. Ez da erraza izango Errusiako taldea bidean lagatzea. Batetik, Athleticek aurrean izango duen taldea ona delako. Beharbada, ez ditu izen handiko futbolariak izango, baina haietako askok lekua izango lukete Espainiako Ligako talde askoren hamaikakoetan.

Joaneko partidako bigarren zatian argi eta garbi erakutsi zuten Athletic estu hartzeko gai direla. «Erdiko atzelariak oso indartsuak dira; hegaleko atzelariak, berriz, azkarrak dira, eta etengabe egiten dute aurrera. Bestalde, zelai erdian joko landua egiten ahalegintzen da taldea. Eta, erasoko jokalariei dagokienez, erdian aritzen direnak indartsuak dira, eta azkarrak hegalekoak. Ondo dakigu nola jokatzen duten», adierazi du aste honetan Markel Susaetak.

Bistan da lehoiek errespetua diotela aurkariari. Eta hala behar du. Hori nahikoa ez, eta gol baten abantaila dakar Lokomotivek. Hortaz, Athletic behartuta dago neurketa irabaztera. Premia horrek arriskatzera behartuko du Marcelo Bielsaren taldea. Kontua da burua galdu gabe egin beharko dela aurrera. «Ez dut uste eurek defentsako lana bakarrik egingo dutenik. Baina, aurkariak egiten duena egiten duela ere, irabazteko premia daukagu guk», adierazi zuen atzo Athleticeko entrenatzaileak.

Gainera, Lokomotivek horixe nahi du, aurkaria itsu-itsuan gola sartzera zelairatzea. Izan ere, errusiarrek azkar egiten dute defentsatik erasora. Hori bai, lan horretarako futbolari aproposa zirudien Maiconek, baina gaur ezingo du jokatu. Erdilari brasildarra onenetakoa izan zen joan den astean Luzhnikin jokatutako partidan. Gaitz erdi.

Aurkari onari aurre egin eta joaneko partidako emaitza txarrari buelta emateaz gain, presioa ere bere gain hartu beharko du Athleticek. Zuri-gorriek dute faborito izaera. Bielsak sekula ez die uko egiten horrelako ardurei, eta errusiarrek ere interes handia agertu dute zama hori Athletici jar ziezaioten. Zelaian gosea eta bizitasuna erakusten duten futbolariak apal eta zuhurtzia handiz jardun dira aste honetan komunikabideen aurrean agertu diren bakoitzean.

Etenik gabe loratu dituzte bai Athleticeko futbolariak eta bai San Mames ere. «Bilbon sufritu egin behar dugu. Athleticek hiru gol sartu zizkion Malagari lau minutuan. Gure kontra nahikoa dute bakarra sartuta. Atzean sartzen bagara, arazoak izango ditugu. Berdintzera zelairatuz gero, ez dugu zereginik izango», esan du aste honetan Alberto Zapater Lokomotiveko euskarriak. Adibide bat baino ez da hori.

Athleticek duela zortzi urte eman zion buelta kontrako kanporaketa bati Europan. Trabzonsporren kontra izan zen. Joanekoan 3-2 galdu ostean, bi golen aldearekin irabazi zuen etxean. San Mames bete egin zen Yesteren erakustaldia ikusteko. Eta gaur ere hala izango da, ikusmin handia sortu baitu neurketak. Zaleek badakite Europako Liga tarterik interesgarrienean sartu dela, eta gozatu egin gura dute urtero ikusteko aukera izaten ez duten ikuskizunarekin.

Jokalariak ondo babestuta egongo dira, baina eurena da norgehiagoka irabazteko ardura. Horretarako, aldaketa bakarra egingo du zuri-gorrien entrenatzaileak. De Marcosek jokatuko du Aurtenetxeren postuan —atzoko prentsaurrekoan baieztatu zuen—. Txartelak tarteko, partida bateko zigorra bete beharko du hark. Toquerok beteko du arabarrak utzitako lekua. «Llorenteren atzetik ariko da. Erasoan antzekoak dira De Marcos eta Toquero, biak erraz iristen direlako atzetik sartuta. Horregatik egin dut aukera horren alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.