Motoziklismoaren katedrala deitzen diote Assengozirkuitu mitikoari (Herbehereak). Zaharra baita, ikusgarria. 1949an munduko lehen moto txapelketa jokatu zenetik, hutsik egin ez duen zirkuitu bakarra da. Hastapenetan 28 kilometro inguru zituen, eta Assen inguruko herrietatik igarotzen zen. 1955ean zirkuitu modernoa eraiki zutenean, ia zortzi kilometrora murriztu zuten ibilbidea. Iaz, ordea, eraberritze gorabeheratsua egin zuten katedralean. 1.500 metro kendu zizkioten, hasierakoak hain zuzen, eta, hala, alderik biziena moztu zioten ibilbideari.
Arduradunek pilotuen segurtasuna baliatu zuten aitzakiatzat, baina bi gurpilen gainean dabiltzanek ez dute ulertzen, oraindik ere, erabaki horren arrazoia. «Ziur naiz aurten lasterketa politak ikusiko ditugula Assenen, baina pista berria etsigarria da niretzat. Izan ere, zirkuitu zaharra zoragarria zen, pilotu guztientzat liluragarria». Hala dio Casey Stonerrek, egungo Moto GPko liderrak. «Zirkuitu guztien artean gustukoen nuen kurba, De Bultekoa, suntsitu egin dute. Bihurgune aldapatsu ikaragarria zen, eta lau bihurtu dutenez, hondatu egin dute».
Txapelketako bederatzigarren sari nagusia da Assengoa, denboraldiko erdigunea alegia. Zortzi saritik bost irabazi ditu Stonerrek, eta bera izan da onena lehen entrenamendueetan, eta bera da faborito Herbehereetan irabazteko.
Haren atzetik, segundo erdira, Valentino Rossi aritu da.«Lastima da zirkuituko ibilbidea aldatu izana, alderik onena kendu baitiote. Oraindik ez dut ulertzen. Dena den, zirkuitu paregabea izaten jarraitzen du Assenek, aparteko giroa izaten da eta zaleen beroa itzela da». Sailkapenean hirugarren den Dani Pedrosak maila ona eman nahi du Herbehereetan. «Nahiago dut lehorrean ibili, baina litekeena da euria izatea Assenen ere. Zirkuitu berriaren ibilbidea, motzagoa, ez da nire gustukoena, baina iazko eskarmentua dugu, eta espero dut lasterketaren erritmoa azkar hartzea».
250 cc-ko kategorian, bestalde, Jorge Lorenzo liderra aldea handitzen saiatuko da Andrea Dovizioso bigarrenarekin. Izan ere, aurreko lasterketan Doviziosok irabazi zuen, eta 11 puntura dauka lidergoa italiarrak. Hector Fauvel da 125 cc-ko kategoriako burua, baina ez du liderra izateaz hitz egin nahi. «Urratsez urrats joan nahi dut, ahal dudan hoberen lan eginez. Txapelketako lehen postuaz hitz egiten dudan bakoitzean, galdu egiten dut, beraz nahiago dut ezer ez esan».
'Katedralaren' eraberritzea
Herbehereetako Sari Nagusia jokatuko da bihar, Assengo zirkuitu mitikoan; Casey Stoner da faborito
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu