Katedrala zaindu nahi du Aspek. Eibarko Astelena pilotalekuan azken asteetan ez da jende askorik izan, eta enpresak asteburu honetako amurik onena jarri du pilotazaleak erakartzeko: Abel Barriolaren eta Juan Martinez de Irujoren arteko buruz buruko txapelketako bigarren kanporaketako partida. Iruñeko Labriterako partida egokia zirudien, baina Asperi zegokion antolatzea eta Eibarrera eramango du.Barriolak behin irabazi dio Irujori buruz buru (22-20), 2007ko txapelketan; hartaz geroztik, baina, hiru aldiz neurtu dira kantxa osoan eta hiruak Iberokoak irabazi ditu. Horietako bat bakarrik zen txapelketakoa. Igandeko irabazleak Xala du zain final-laurdenetan.
Irujorekin batera, Merino II.a, Retegi Bi eta Olaizola I.a sartuko dira asteburu honetan. Olaizolatar nagusia, 36 urterekin, parte hartzaile zaharrena da eta Ozkabarten (Errioxa, Espainia) egingo dio aurre Aritz Lasari. Inoiz ez dute elkarren aurka jokatu txapelketan eta irabazleak Mikel Idoate izango du aurkari.
Merino II.a Bilbora itzuliko da binakako txapela irabazi ondoren. Eskuetatik justu bukatu zuen eta kostako Sebastian Gonzalezen aurka irabaztea. Elkarren aurka buruz buru jokatuko duten lehen partida da. Irabazleak Oinatz Bengoetxea izango du kontrario finalerdien atarian.
Bigarren kanporaketen asteburua astelehenean bukatuko da, Tolosan, Bigarren Mailako bi txapeldun ohiren arteko partidarekin. Mikel Olaetxeak Julen Retegiren sasoia neurtuko du. Aurrera egiten duenak Aimar Olaizola aurkituko du bidean.
Katedralerako amua
Barriolak eta Martinez de Irujok igandean jokatuko dute buruz buruko txapelketako kanporaketa, Eibarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu