Bilbo Basketen eta Fotis Katsikarisen bideak berdinak izango dira hurrengo hiru urteetan. Greziako entrenatzaileak hiru urterako berritu du ekainera arte zeukan kontratua, bi aldeek elkarri dioten konfiantzaren seinale. Tarte horretan, Katsikarisek Bilboko taldea eliterantz eramaten saiatzeko konpromiso irmoa duela jakinarazi zuen: «Joan den urteko urtarrilean, hirira iritsi nintzenean, Bilbokoa Europako proiektu erakargarrienetakoa zela esan nuen, eta hitz berak mantentzen ditut gaur ere: talde honek dena dauka talde handi izateko, eta nik erronka horren gidari izan nahi dut».
Kirol egitura egokia, konpromisoa duten jokalariak, erakunde eta zaleen babes sendoa, eta taldeko arduradunekin duen harreman zintzoa. Horien ondorioa omen, Katsikarisek Bilbon geratzeko hartutako erabakia: «Bildu ginen, eurek zer asmo zuten esan zidaten, eta nik bost minututan eman nien baiezkoa». Gaur egungo kirolean hiru urteko kontratu luzea sinatzea ezohikoa dela iradoki zioten Katsikarisi, eta Gorka Arrinda taldeko akziodun nagusiak hartu zuen hitza, azalpenak emateko: «Gu ez gara ohiko taldea, eta hori eguneroko jardunean erakusten dugu. Aldi baterako kontratuak eguneroko ogia dira gaur egun, baina guk hiru urtekoak sinatzen ditugu. Estilo kontua da». Arrindak luzerako babesle bat lortzeko lanean ari direla ere esan zuen, eta hilabete bateko epean berri onen bat egon litekeela esan zuen.
Katsikaris joan den urteko urtarrilean iritsi zen Bilbo Basket taldera. Zuzendaritzak Txus Bidorreta kargutik kentzea erabaki zuen, emaitza txarrak zirela eta, eta Katsikarisek eroso lortu zuen eskatu zitzaion lehen helburua: Bizkaiko taldea ACB ligan mantentzea. Bigarren helburua taldea Madrilgo Koparako sailkatzea zen, eta greziarrak ere helburu hori gauzatu du. Hurrengoak titulua lortzeko kanporaketetan aritzea eta 2011-2012 sasoian Europan jokatzea izango dira.
Katsikarisek beste hiru urterako berritu du kontratua
Greziarrak erabakia bost minututan hartu zuela esan du, hark nahi duena nahi duelako taldeak: «handia izan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu