"Egia ez diren gauza asko esan dira, baieztatu gabekoak". Kepa Arrizabalagak Athleticekin izandako negoziazioaren inguruko azalpenak eman ditu, eta, besteak beste, Real Madrilekin hitzezko aurre akordioa zuenik, eta mediku azterketa pasa zuenik ukatu du. “Nik pasa dudan mediku azterketa bakarra udan, hemen, Athleticen pasa dudana izan da”. Era berean, ez du baloratu izan nahi Zinedine Zidane Real Madrileko entrenatzaileak eginiko adierazpenak. “Nik Kuko Zigandak esaten duena bakarrik baloratuko dut, ez beste talde batzuetako entrenatzaileenak”.
Kepak negoziazioak berak nahi baino gehiago luzatu direla errepikatu du behin eta berriz, baina, hala ere, ez duela “inoiz” bere burua Athleticek kanpo ikusi. “Erabakia hartuta egon arte ez nuen ezer esan nahi, ez zegoelako berritasunik. Zerbait sinatu bezain laster irten naiz azalpenak ematera”, nabarmendu du. Baina zergatik luzatu dira hainbeste negoziazioak? “Azken urtebetean nire kirol egoera asko aldatu da. Negoziatzen hasi ginenean puntu batetik ekin genion, eta orain egoera ezberdina da. Negoziaketa batean arlo ezberdin asko ukitzen dira, eta nik nahiko nukeena baino gehiago luzatu da”. Atezainak, dena den, onartu du beste talde batzuen eskaintzak entzun dituela.
Kepak oso irmo hitz egin du. “Nik nahi dudalako nago Athleticen, eta nik nahi izan dudanean berritu dut”. Atezainak, horrela erantzun dio ea Real Madrilek baztertuta utzi duela sentitzen duen galdetu dion kazetariari. Era berean bere ordezkariekin duen akordioari eutsiko diola esan du Kepak. Josu Urrutiarekin inolako haserrerik eduki izana ukatu du atezainak, eta negoziazio bidea une oro irekitaa egon dela nabarmendu du.
Negoziazio osoko gauzarik okerrena bere burua gertutik zelatatua sentitu izana izan da, eta zaleen konfiantza berreskuratzen saiatuko dela esan du, nahiz eta bere ustez ez zuten zertan konfiantza hori galdu. “Nik hitz egin behar nuenean hitz egin dut, orain ari naiz. Beste guztia nik esan ez ditudan kontuak izan dira”. Era berean garbi utzi du min handia eman ziola zale batzuek pentsatu izana berak nahita ez zuela jokatu nahi.
Lesioari dagokionez, ukatu egin du ebakuntza egitearen aukera aztertu zuenik Athleticeko medikuekin. Tratamendua bide onetik doa.