Kepa Arrizabala Athleticeko atezainak Bilboko klubean jarraituko du datozeen denboraldietan. Real Madril jokalaria fitxatzekotan izan da azken asteetan, baina jokalariak azkenean ez du gehiago itxaron nahi izan, eta Athleticek egin dion azken eskaintza onartuko du kontratua berritzeko. 2025. urtera artekoa izango da, eta 80 milioi euroko etete klausula izango du.
Kepak Athleticen webguneari eginiko adierazpenetan oso pozik dagoela nabarmendu du, "etxean" jarraituko duelako. Atezainak aitortu du beste eskaintza batzuk jaso dituela, baina Athleticena izan dela gehien komeni zitzaiona. "Ondo pentsatu eta hausnartu ondoren, uste dut hemen urte askotarako kontratua sinatzea dela niretzat onena". Bere erabakian "San Mamesek garrantzi handia" izan duela azaldu du, eta pribilegiotzat jo du ate hori defendatu ahal izatea.
Keparen arabera, berritzea hainbeste luzatu bada, erabakiak ondo hausnartzea gustatzen zaiolako luzatu da. "Nik nire denbora behar dut gauzak pentsatzeko. Ezagutzen nautenek badakite horrelakoa naizela. Baina pozik nago, dena ondo bukatu delako". Atezainak publikoki eskertu du etxekoengandik, taldeko kideengandik eta zaleengandik jasotako babesa.
Atezaina min hartuta dago, eta bere lesioaz ere mintzatu da. Azken egunetan hobera egin du oinazpiko minak, baina denbora beharko du oraindik sendatzeko. Hala ere, ez du itzulera datarik jarri nahi izan.
Atezain ondarroarrari etorkizun oparoa iragartzen diote bere ibilbidea jarraitu dutenek. Athleticek kontratua berritu nahi izan dio horregatik. Aurten amaitzen zitzaion, ordea, eta ezer ordaindu gabe Kepa fitxatu ahal izanda beste klub batzuek ere jarrita zeuzkaten begiak berarengan. Real Madril izan da interes gehien agertu duena, eta fitxaketa eginda zegoela esan dute zenbait hedabidek ere.
Azkenean, ordea, jokalariak onartu egin du Athleticen eskaintza. Lehen datuen arabera, ez dio gehiago itxaron nahi izan Real Madrili. Zinedine Zidane entrenatzaileak, gainera, ez du interes askorik agertu Keparengan, orain beste behar batzuk zituela argudiatuta.
Kontratua berrituta, Athleticek ondo gordea izango du atea urte batzuetarako. Aurreko astean Iago Herrerin bigarren atezainak berritu zuen kontratua, eta, bi horiez gain, Athleticek baditu beste bi atezain on ere etorkizunari begira.
Kepak 38 partida jokatu ditu Athleticekin. 23 urte ditu, eta bere kirol ibilbidea Athletici lotuta egon da: beheko mailatan jokatu du, eta Ponferradan eta Valladoliden utzita jokatu zuen. 2016ko irailean egin zuen debuta lehen taldearekin. Espainiako selekzioan ere jokatu du, eta 19 urtez azpikoarekin Europako txapeldun izan zen.