CSKA, Cibona Zagreb eta Olympiakos. Europako hamasei talde onenak biltzen dituen ligatxo batean aurkari errazak izatea ezinezkoa da. Tauk, ordea, ez du kexatzeko arrazoi askorik. Top 16ko zozketak talde gogorrenak kendu ditu Baskoniaren bidetik, Lauko Finalean egoteko aukera eskura utziz. Martxoaren 3tik apirilaren 8a arte helburu hori lortzeko gai dela erakutsi beharko du Tauk.
-CSKA Mosku: D Multzoko talderik indartsuena da, zalantzarik gabe. Euroligako lehen faseko multzo gogorrenean egon arren, lehen postuan bukatu du, Maccabiren aurretik. Jokalariak banan-banan hartuta erraz ulertzen da zergatik bukatu duen multzo gogorrenaren lehen postuan; Holden, Marcus Brown, Mirsad Turkcan edo Victor Alexander bera Europako jokalari onenen artean daude. CSKAn, ordea, taldea banakoen gainetik dago. Horretaz ohartzeko, partidako hartzen duten puntu kopuruari baino ez zaio erreparatu behar: 70 puntu eskas partida bakoitzeko. Joan den denboraldian ez zuen partida bakar bat ere galdu Top 16an.
- Cibona Zagreb: Dusko Ivanovicentzat aurtengo denboraldian ezustekoa eman duen taldea izan da. Oso jokalari gazteak ditu, batez beste 26 urteko adinarekin, baina saskibaloian maisuki egiten badakitela frogatu dute. Golemac, Rimac eta Penn dira Zagrebeko jokalari garrantzitsuenak, baina zerbait nabarmentzekotan, etxean jokatzeko duten indarra da. Lehen fasean ez dute partida bakar bat ere galdu Kosarkaski Centar Drazen Petrovic kantxan. Etxeko indar hori kanpoan jokatzen dutenean desagertzen da, eta horrek baldintza dezake kroaziarren hautagaitza.
-Tau Baskonia: CSKArekin batera, Lauko Finalean egoteko hautagaia da. Maila handiko jokalariak ditu, eta nahi duenean aurkaria kantxatik ateratzeko moduko erritmoa ezar dezake. Aurtengo denboraldian, ordea, jarraikortasun gutxi izan du jokoan. Top 16a hasi aurretik Kopa jokatuko du, eta taldearen sasoia osatzeko une aproposa dela dirudi, batik bat erabakigarriak diren hainbat jokalariren parte-hartzea gehitzeko jokora. Hori lortuz gero, Tel Aviven (Israel) egoteko aukera handiak ditu.
-Olympiakos: Tauren multzokidea izan da lehen fasean. Behetik gora egin du, azken partidetan saskibaloi ona eginez. Kanpoaldean Harissis, Liadelis eta Diamantopoulos dira euskarriak, eta Wolkowyski, Jurac eta Bagaricekin saskipean. Ondo orekatutako taldea da. Aulkian sakontasun gehiago izatea falta zaio, baina aukera txikiena ematen bazaio, min handia egiten daki.
SASKIBALOIA
Kexatzeko arrazoirik ez
Top 16an multzo gogorra egokitu arren, Lauko Finalean egoteko aukera eskura du Baskoniak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu