Osasunak eta Athleticek akordioa lortu dute Kike Solak talde zuri-gorrian joka dezan. Miguel Artxanko Iruñeko taldeko presidenteak berak baieztatu du Athleticek "lau milioi eurotik" gora" ordainduko duela —hamar milioi euroko etete klausula du—. Kike Sola, berriz, Lezamara itzuliko da, han aritu baitzen gaztetan. Sola Cascanten (Nafarroa) jaio zen, orain 27 urte, eta sei sasoi egin ditu Osasunan. 97 partida jokatu ditu, eta 21 gol sartu.
Bestalde, Athleticek eta Osasunak fitxaketa bana egin dute. Talde zuri-gorriak hiru sasoirako fitxatu du Xabi Etxeita atzelaria, Elxetik (Zornotza, Bizkaia, 1987). Gorritxoek, berriz, Joan Oriol ezker hegaleko atzelaria fitxatu dute, Vila-realetik (Cambrils, Herrialde Katalanak, 1986).
Azkenik, Realak eta Joseba Llorentek akordioa lortu dute euren arteko hitzarmena eteteko. Llorentek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979) beste urtebeterako kontratua zuen talde txuri-urdinarekin. Utzita aritu da sasoi honetan Osasunan.