Mendia

Kilian Jornet: "Berdin gozatzen dut Everestera igotzen edo Zegama-Aizkorrin"

Astebetean bi aldiz Everestera igo ostean elkarrizketa egin diote VilaWeben Kilian Jornet mendizaleari. Hainbat gairi buruz hitz egin du, tartean, mendia ulertzeko moduaz.

Kilian Jornet Everesten gora. PRESS LYMBUS
2017ko ekainaren 13a
19:28
Entzun

Mendia ulertzeko beste modu bat du Jornetek. Everestera bi aldiz igo da astebetean, oxigenorik gabe, xerparik gabe eta komunikaziorik gabe. Baina, haren mendia ulertzeko moduak iritzi desberdinak sortu ditu. Ferran Latorreren hitzak jarri dizkio aurrez aurre VilaWebeko kazetariak: "Kilianek erabaki egin behar du. Berak bakarrik duen talentua erakutsi du, eta erabaki behar du benetako alpinismoa egin nahi duen edo ez. Alpinismo konprometitua. Izan ere, bideak zailak direnean da nekeza azkarra izatea". Jornetek argi erantzun du. Berari "polibalentzia" gustatzen zaio. Eta hori azaltzerakoan egin dio aurreneko erreferentzia Zegama-Aizkorriri: "Nik berdin gozatzen dut Everestera igotzen, Zegama-Aizkorrin edo kilometro bertikala egiten". Baina gauza bat argi dauka: ez du bi hilabetez egon nahi beheko kanpaleku batean. Espedizio motzak egin nahi ditu, eta bere teknikak horretarako aukera ematen diola dio. Horrela etxean entrenatu dezake, mendira igo, jaitsi eta etxera itzultzean ondo egon.

Zagama-Aizkorrin marka berria dagoela eta hura ontzera bueltatzeko asmorik ez al duen ere galdetu diote. Lasterketara itzultzeko gogoa badu, baina ez markagatik: "Ahal dudan bakoitzean joan naiz, eta asko gustatzen zait antolatzaileengatik, lekuagatik...".

"Urriaren 1ean botoa emango dut"

Kataluniako erreferenduma urriaren 1ean egitekoak dira, eta bera ere botoa ematen izango dela dio Jornetek. Norvegian bizi da gaur egun, baina Katalunian egongo da lasterketa batean. Eta independentziaren alde bozkatuko du. Dioenez ez da independentista izan inoiz, munduko toki askotan bizi izan delako eta "etxean bezala" sentitu. "Baina Espainia nora doa?", dio, "aurrera egin beharreko esparruetan atzeraka ari da. Ezin du okerrago egin. Nazio sentimentuagatik baino gehiago Espainiatik aldentzeagatik independentzia nahi duten horietako bat naiz".

Pep Guardiola futbol entrenatzaileak independentziaren aldeko agiria irakurri zuen joan den igandeko ekitaldi jendetsuan. Berak halakorik ez lukeela egingo dio Jornetek. "Kirola mitifikatuegia dago. Ni ez naiz moralki inor sentitzen inori zer egin behar duen esateko. Beste batzuek baino azkarrago egiten dut korrika, baina ez naiz nor moralki halakoak egiteko...". Hori bai, eskatzen dioten bakoitzean ematen du iritzia, "norberak pentsatzen duena esan behar luke. Oinarrizkoa da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.