Beste behin egin du. Kilian Jornet lasterkari kataluniarrak zortzigarren aldiz irabazi du Zegama-Aizkorri mendi maratoia, 3:50:05eko denbora eginda. Haren atzetik sartu dira helmugan Mark Lauenstein eta Luis Alberto Hernando, Jornetengandik 9 minututik gorako aldearekin. Manuel Merillasek eta Tadei Pvikek osatu dute gizonezkoen boskotea. Aurreneko euskalduna Jokin Lizeaga urnietarra izan da, 9. postuan.
Emakumezkoetan Yngvild Caspersen norvegiarra izan da helmugara iristen lehena. Haren atzetik izan da Megan Kimmel estatubatuarra, eta podiumera igo da Oihana Kortazar.
Lasterketa gogorra izan da, eta euriak eta mendi aldean egin duen hotzak are gehiago zaildu dute berez gogorra den ibilbidea. Aritz Egea urretxuarrak kilometro asko egin ditu lasterketaren buruan, baina azkenean erretiratu egin da, hipotermia arazoengatik. Parte hartzaile askok utzi behar izan dute proba.