Euskal kirolariak Londresera begira

Kirol irizpideez harago

Londresen lehiatzeko adina meritu egin arren, Unai Elorriaga eta Jon Garcia ez dira ariko Olinpiar Jokoetan.

unai zubeldia
Donostia
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Kirola ez da kirola bakarrik, eta Olinpiar Jokoek ere kiroletik adina daukate kirola ez den horretatik. Oraingoz, 24 euskal herritar ariko dira lehian Londresen, baina, kirol irizpideak soilik kontuan hartuta, horien artean toki ziurra zeukaten, besteak beste, Unai Elorriagak eta Jon Garciak ere. Txirrindularia da Elorriaga, pistako txirrindularia, eta 2011ko Munduko Kopako proban, Calin (Kolonbia), puntuazio proban urrezko domina irabazi zuen. Handik bueltan, prentsaurrekoan, esan zuen ez zekiela zergatik utzi zuten Espainiako selekziotik kanpo.

Erabaki horrek jokoetan aritzea zailduko ziola gaineratu zuen berehala; eta hala gertatu da. Aspalditik dauzka arazoak Juan Martinez Oliver Espainiako hautatzailearekin. «Mallorcako Errendimendu Handiko Zentroan ez nagoelako izango da», adierazi zuen iaz. Eta baieztapen horrek edukiko du egiatik zerbait, aurtengo emaitzak kontuan hartuta ulertzen zaila delako Elorriaga jokoetatik kanpo geratu izana. Otsailean, Londresen jokatutako Munduko Kopako azken proban, puntuazioko sailkapen nagusia irabazi zuen bizkaitarrak.

Jon Garcia, ordezko gisa

Durangarra da Jon Garcia, eta hirugarren aldiz Olinpiar Jokoetan lehiatzea zen bere ametsa. Aritu zen Atenasen, eta aritu zen Pekinen ere, baina taldetik kanpo utzi dute Londresen. Eurpako txapeldun izan zen 2005ean eta 2006an, eta munduko txapeldunordea ere izan zen, 2005ean, Madrilen. Iaz, berriz, brontzea irabazi zuen Munduko Txapelketan, Gyeongjun, Hego Korean. Ia hamabost urte daramatza Katalunian bizitzen, Errendimendu Handiko Zentroan, baina, oraingoz, zain egon beharko du hirugarrenez jokoetan aritzeko.

Orain, lau urteko zerrendarekin alderatuta, Naroa Agirre da falta den beste atleta bat. Donostiarrak badauka sailkatzeko aukera oraindik, baina oso zail dauka helburua. Azken orduko aldaketarik ezean, Iker Romero, Asier Maeztu eta Iñaki Lejarreta ere ez dira izango Londresen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.