TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA

Kito

Lamce Armstrongek beste erakustaldi bat emanda utzi du aurtengo Tourra erabakita. Podiumean sartzeko borroka da estutu dena: Basso ez da fin aritu, Klodenek eutsi dio, eta Ullrich ari da bikain

enekoitz telleria sarriegi
2004ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Bakarka neurtzen dira bakoitzaren indarrak. Bakarka asmatu behar du bakoitzak bere indarrak neurtzen. Hori du erlojupekoak. Horretan asmatzen dakite Lance Armstrong eta Jan Ullrich bezalakoek. Berdin maldan gora, behera edo ordekan. Erreferentziekin jokatzen dakite, batez bestekoekin, erritmoarekin, pedal kolpearekin. Bakoitzak bere erara. Ezberdin erabat, baina maisuki biek. Atzoko kronoigoerak utzi dituen bi protagonista nagusiak dira. Batek, erabakita utzi du Tourra, seigarrena eskura du, nahiz eta gaurko eta etziko etapa erabakigarriak gelditu. Besteak, podiumean sartzeko lehian egin du tokitxo bat. Txikia oraindik, aurretik dituenek errenta handia dutelako oraindik, baina gaurkoa eta etzikoa ditu atzetik aurrera egiteko.

Ederra atzokoa ere. Ederra degoeneko bi lehia ezberdin daudela kontuan hartuta. Armstrongena da bat bere kabuz ari da hura, bere kabuz ibiltzen omen da tropelean bertan ere, bere kabuz errepidean ere, beste guztiak baino koska bat gorago lehian, uzkurrago jatortasunean..., eta podiumean tokia egiteko lehia da bestea. Atzoko jardunaren ostean, hiru txirrindulari gelditu dira bi koska nork zapalduko: Ivan Basso, Andreas Kloden eta Jan Ullrich.Ivan Basso aritu zen atzo espero baino kaskarrago. Lehen unetik ikusi genuen orain arte baino baldarrago, geldoago, gogortuago. Igotzailea da hura. Maldan gora ongi moldatu behar dela pentsatu liteke horrekin, baina hori da erlojuaren kontra aritu beharrak duena. Bakarkako lanaren zama. Indarrak nola neurtu, erritmoa kontrolatu, pedalkadak,... Bassok ez zuen asmatu. Erdilanetan ez zen gaizki ari, baina Armstrongek gainditu zuenean egin zuen behera nabarmen bi minutu lehenago abiatu zen italiarra. Andreas Klodenek bai. Hark badaki erlojuaren kontra egiten, erregulartasunari eusten. Ez genuen sekula bereziki bizi eta bereziki geldo ikusi, baina Mancebo espainiarrarekin batera helmugan sartu zenean konturatu ginen ez zuela pott egin. Mancebok bai, hark bai egin zuela pott. Laugarren zegoen sailkapen nagusian atzoko etapa hasi aitzin, eta seigarren dago orain. Gaurkoa du azken aukera zerbait aurreratu nahi badu.Aurreratu duena, eta atzokoaren ostean kontrario oso arriskutsua bihurtu dena: Jan Ullrich. Indar betean hasieratik, triatloiko heldulekua jarrita, bizikleta gainean sendo, zirkinik ez errepide bazterreko burugaberen baten bultzadak eragindako balantza baino ez, ahoa haize bila eta hankak helmuga bila. Ikuskizuna. Erdilanetan berea denborarik onena, helmugan berea denborarik onena... Lance Armstrong iritsi zen arte.Ikustekoa eta gozatzekoa estatubatuarraren jarduna. Hasi eta bukatu berdin. Arin, ohikoa duen bezala. Indartsu, ohikoa duen bezala. Irabazle, ohikoa duen bezala. Erreferentzia guztiak apurtu zituen lehen kilometro eta erdikoa kenduta (Cancellara izan zen onena ordeka zati txiki horretan, harritzekoa). Ez genion ahulunerik sumatu Armstrongi, sufrimendu keinurik ez, zoriontasun keinurik ere ez. Marmolezko aurpegia, eta harrizko kemena. Hori da berea. Bakarka atzo. Bakoitzaren indarrak neurtzeko erarik onena izanda, garbi utzi zuen lehenaz gainera nor den indartsuena. Hori baitzen atzokoaren beste helburua: huts-hutsean, ez talde ez taldekide, malkarrean gora indartsuena nor den ikustea. Zalantza gutxi zegoen lehen, eta gutxiago dago orain. Batere ez.

Gaurko etapa, eta T-Mobilen jokaera

Podiumean sartzeko borroka estutu du atzokoak, eta gaurko etapak aska dezake korapiloa. Zerbaitengatik larritu zen bezperan CSC taldea, Jan Ullrich erasoan ikusi zuenean. Askok ez zuten horren argi ikusi Bjarne Riis zuzendariaren mugimendua, baina atzo gertatutakoak eman dio arrazoia. Pirinioetan galdutakoa Alpeetan berreskuratzeko prest dago Ullrich. Asmoa da bat, indarra bestea, baina atzo eta bezperan erakutsitakoak dardarka jarri du honezkero bat baino gehiago. Ez da gutxiagorako. T-Mobilek badu zerekin jokatu. Andreas Kloden hirugarren postuan du eta Jan Ullrich laugarrenean. Biak moldatzen dira primeran erlojupean, eta larunbateko erlojupekoa tarteak egiteko aproposa izan liteke (Bessançon, 55 kilometro). Aproposa diogu, Ivan Basso CSCkoa ez zelako atzo besteetan bezain indartsu agertu, ez duelako Pirinioetan adinako sendotasun itxurarik eman, eta gaurko etapan talde oso bat izango duelako kontra: T-Mobile. Zirt edo zart egin beharra dauka Ullrichek, taldekidea kaltetu gabe, baina Bassoren kontra beti. Ausart agertu zen Alpeetako lehenengo etapan, eta ausart agertu beharko du gaur, podiumean tokia egin nahi badu. Estrategia norgehiagoka izan da, baina mendateek erabakiko dute. Bost dituzte gaur: Glandon, Madeleine, Tamie, Forclaz eta Croix Fry, azkena helmugatik 13 kilometrora. Zirt edo zart.

-

Datua





37:35

Marco Pantani italiarrak eusten dio oraindik Alpe d'Huezko igoerarik azkarrenari. 1999. urtean, 37 minutu eta 35 segundoan igo zuen Frantziako Tourreko mendate ezaguna. Atzo, Lance Armstrongek, 37 minutu eta 36 segundo behar izan zituen orotara egin zuen denborari lehen kilometro eta erdian egindakoa kendu behar zaio, handik aurrera hasten baita mendatea, eta handik aurrera hartu baitzuten erreferentzia, Pantanik urte hartan irabazi zuenean. Segundo bakarreko aldeaz, baina Pantanirena da igoerarik azkarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.