Iritsi da eguna. Hilabete luzeetan etenik gabe lan egin eta gero, heldu zaie arraunlariei denboraldia ofizialki hasteko data. Hamargarren aldiz, TKE ligarekin batera hasiko dira traineruen estropadak (egun, San Miguel liga). Liga horren aurretik, gutxi-asko, arraunlarien helburu nagusia irailean egoten zen, Kontxako Banderan. Prestakuntza guztiak baldintzatzen zituen lehia distiratsuak.
Orain ere saio zehatza da talde batzuentzat, baina prestakuntza guztietan gorriz jarrita azaltzen da San Miguel liga. Lehiatuena da, maila altuena bertan dago, eta udazken-negu-udaberrian, oso lan ona egin beharra dago sasoiko heltzeko. Hamabi traineru lehiatuko dira, eta hemezortzi estropada jokatuko dituzte. Gaur, aurrenekoa, Zierbenan (18:00, ETB1). Borroka latza izango da gaurtik. Gauza asko dagoelako jokoan.
Goitik beherako hurrenkeran hasita, ligako garailea izateko lehia dago. Garaipen preziatua bilakatu da urteen poderioz liga irabaztea. Hamabiko multzotik, denak ez dira hautagai, jakina. Guztien aurretik Kaikuren izena azaltzen da. Hura da egungo txapelduna. Iaz irabazi zuen aurrenekoz liga, eta berriz ere dastatu nahi du halako gozotasuna. Oso talde indartsua dauka, eta kostako zaie beste hautagaiei Sestaokoak eskailera maila gorenetik botatzea.
Beste hautagai horiek dira Urdaibai eta Hondarribia. Bizkaitarren taldea ere oso ona da. Iaztik hutsune garrantzitsuak izan badituzte ere, berriak bikain ari dira betetzen besteek utzitako zuloak. Arriskutsua da Bermeoko taldea. Asmatzen duten egunetan, sekulako maila emateko gai dira. Hondarribiarena beste filosofia bat da. Ez du zerikusirik bi bizkaitarrenarekin; dirua gastatzea, tamainan. Fitxaketak oso gutxi, eta indarra azken urteetako taldean dauka. Zertarako ekarri berriak, zaharrak ondo lan egiten badu? Joan zen urtean, hiru bandera irabazi zituen ligan, eta egundoko maila eman zuen. Orduko talde bera izanik, beste urrats bat egin beharko luke aurrera. Joan zen urtekoa ikusita, liga irabazteko lehian izatea ez litzateke harritzekoa izango. Gainera, hondarribiarrek badute oso ezaugarri garrantzitsua: gorabeherarik gabe ibiltzen dira, erregularrak dira.
Tiran ere sar daiteke hautagaien artean, baina galderaren zalantza jarri behar zaio. Galiziakoak izanik, denboraldi-aurreko estropadetan ez dira lehiatzen ligako aurkariekin, eta ezin ba erreferentziarik eduki. Beraien herrialdean izandako emaitzen berri bakarrik dago, eta kontuan hartzekoak dira. Horri gehitu behar zaio iazko talde bera duela eta, gainera, arraunlari batzuk fitxatu dituela. Joan zen urtean, bandera bat irabazi zuen, eta liga amaiera ikusgarria egin. Itxuraz, hobekuntza izan behar luke, eta hala bada, kontuz. Oso lehiakorrak eta buru gogorrak izatearen ezaugarriak ere aldeko dituzte.
Lau talde aipatu eta gero, zortzi geratzen dira. Multzo horretako denak ezin dira zaku berean sartu. Betiere, denboraldi-aurreko estropadei eta datuei fidagarritasuna ematen bazaie. San Pedro, esaterako, zortzikote horretako buru izateko gai da. San Juanek ere gauza politak egin ditu udan. Portugaletek talde sendoa dauka, baina araudia ez du aldeko, eta paira dezake berezko arraunlari gutxi edukitzea. Pedreñari buruz ere, zalantzak dira nagusi. Talde ona du, baina aurreko urteetan ere bazuen, eta, urtero, espero zena baino beherago ibili da.
Ez jaisteko, lehia estua
Lau traineru falta dira hemen azaltzeko. Bi Kantabriakoak dira: Astillero eta Castro; beste biak, berriz, Euskal Herrikoak: Zierbena eta Zumaia. Aurreneko bien inguruan, ezin gauza zehatzik esan. Baina Astillerokoek nahiko garbi esan dute ez jaisteko lehian ibiliko direla —azken sailkatua zuzenean jaitsiko da; azken-aurrekoak kanporaketa jokatuko du—. Castro ez du ematen atzeko lehiatik urrun ibiliko denik.
Zierbenak eta Zumaiak nahikoa garbi dute zein den euren lekua, hasiera batean. Ahalik eta puntu gehien bildu nahi dute, jaitsieraren mamuari ihes egiteko. Aurreko urteetatik hona, bada ezberdintasunik ez jaisteko lehian: urtero egoten zen liga hasi aurretik talderen baten izena nabarmenduta, jaisteko hautagai moduan. Aurten, aldiz, ez dago. Horrek adierazten du entrenatzaile denek esan dutena zuzena dela: erdikoen eta behekoen mailak ikusgarri egin du gora azkenaldian.
Horregatik ere bada San Miguel liga oso lehiatua. Gero eta tarte txikiagoak daude lehiaketa horretan aritzen diren hamabi traineruen artean. Indarra ematen dio horrek kirol munduan klasikoa bilakatu den ligari.
Arrauna. San Miguel liga
Klasikoa bilakatu da
Gaur hasiko da arraun munduko liga entzutetsuena, San Miguel liga, eta, urtero bezala, ikusmin handia eragin duZierbenan hasita, hemezortzi estropada jokatuko dira denboraldi honetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu