Arrakasta gogoangarriak. Tradizioa. Historia. Harrobia. Sentimendua. Osagai horiek eta beste askok egiten dituzte Reala eta Athletic ezberdin, baina gaur egungo futbolak eta globalizazioak ez diote zirrikiturik uzten erromantizismoari. Askok pentsatu dute Athletic eta Reala, Athletic eta Reala izateagatik, ezin direla mailaz jaitsi, beste talde handi askori gertatu zaiena haiei gertatzea ezinezkoa zela, baina lehiaketak ez du gupidarik. Lehiaketak ez du iragana saritzen, oraina baizik. Eta lehiaketa da, beste edozein arrazoiren gainetik, bi euskal talde klasikoak lehen aldiz amildegiaren ertzean jarri dituena. Athleticek Lehen Maila baino ez du ezagutzen. Realak, aldiz, badaki zer den Bigarren Mailako infernua, baina zale gehienek besteri entzunda baino ez dute ezagutzen aro hura. Batak bere esku izango du bere historia ez itsustea. Bestea, berriz, beste zelaietan zer jazoko, horren menpe egongo da.
Realekoa izatea sufritzea izan da azken denboraldietan. Puertollanoko igoera (Espainia) urrun gelditzen da, baina baita 2002-2003ko denboraldiko bigarren postua ere. Hori izan da taldeak jarraitzaileei gozatzeko eman dien azken aukera. Bakarra, azken zazpi urteetan. Gainerakoa sufrikario hutsa izan da: ziurgabetasuna, zalantzak, urduritasuna, kirol arlotik kanpoko ezegonkortasuna... Okerragoa pasatzea ezinezkoa zela uste zutenei arrazoia kendu die taldeak denboraldi honetan, jarraitzaileek pairatu behar izan dutena aurreko denboraldietakoarekin alderatzerik ez baitago. Reala beti iritsi da azken jardunaldira Lehen Mailan jarraituko zuela jakinda. Gaur, ordea, Bigarren Mailaren mamua mehatxuka duela jokatu beharko du Mestallan, Valentziaren aurka.
Hondamendia saihesteko dauzkan aukerak oso eskasak dira. Kontrakoa esatea gezurra izango litzateke. 27 konbinazioetatik bitan bakarrik eutsiko lioke mailari Realak. Lehen baldintza Valentziari irabaztea da. Gainerakoan jai dauka. Hori lortuko balu, Sardineron eta Balaidosen gertatutakoak erabakiko luke taldearen etorkizuna. Celtak Getaferi ez irabaztea komeni zaio; Bernd Schusterren jokalariek ez dute ezer jokoan Ligan, eta Espainiako Kopako finalean pentsatzen hasiak izango dira dagoeneko. Bestalde, Racingek Betisi irabazi beharko dio. Patxada ederrean bukatu du Liga Racingek ere. Hutsune asko izango ditu, gainera, baina bere zaleen aurrean jokatuko du, eta itxura ona ematera behartuta dago, bi taldeen arteko lehia handi samarra delako. Betisek galtzea ez litzateke harritzekoa, hondoa jota dagoelako Sevillako taldea aspaldian. Azkeneko partidan, esaterako, 0-5 galdu zuen etxean Osasunaren aurka, eta taldearen jarraitzaileak zelaira irten ziren neurketa amaitu ondoren.
ITXAROPEN GUTXI. Horri guztiari erreparatuta, normala da realzaleek itxaropen handirik ez izatea. Mailari eustea bere esku izango balu, oso desberdina izango litzateke dena, baina beste bi emaitzaren menpe izatea oso gogorra da. Egiari zor, Realak beste taldeen komeriei esker iraun du bizirik denboraldi honetan. 34 punturekin, Bigarren Mailan ez egotea miraritzat jo daiteke, eta beste mirari bat beharko du gaur. Taldeari hilda zirudienean amore ez emateko gaitasuna aitortu behar zaio, baina zailena egin eta gero partida erabakigarriak jokatzen ez du jakin: Espanyol, Getafe, Osasuna, Racing... Jarraitzaileek Saviok huts egindako penaltiaren irudia edukiko dute buruan iltzatuta oraindik, baina beste hainbat partidak jarri dute Reala kinka larrian. Denboraldi oso batek. Lehiakortasun faltak. Futbolak ez du barkatzen. Gaizki tratatzen ditu bera gaizki tratatzen dutenak.
Nolanahi ere, Lotinak herenegun adierazi zuen moduan, jaisteko oso modu desberdinak daude, eta Realari ospea eman dion modua hautatzea eskatu behar zaio: irabaziz. «Mailari eusteko aukeren %95 dauzkagula pentsatuta ekin behar diogu norgehiagokari. Irabazi eta beste emaitzek laguntzen ez bagaituzte, zorte txarra izango dugu, baina gure aukerak baliatzen saiatu behar dugu». Aste honetan oso jarrera desberdinak ikusi dira jokalariengan. Gaizka Garitano eta Asier Riesgo, esaterako, baikor azaldu dira, eta azken aukerak baliatu beharra azpimarratu dute. Darko Kovacevicek eta Aitor Lopez Rekartek, aldiz, esan dute ez dutela ilusio faltsurik saldu nahi. Beharbada, haiei ere gogorarazi beharko lieke Lotinak jaisteko oso modu desberdinak daudela.
Gaurko partida baino ez dela existitzen pentsatu beharko du Realak. Nahiko lan badu horrekin, Mestalla Ligako zelairik zailenetakoa izan baita berarentzat azken denboraldietan. 1996-1997ko sasoian irabazi zuen han azkeneko aldiz, 0-1. Azken bederatzi partidetatik zazpi galdu ditu. Valentziak hutsune ugari izango ditu: Cañizares, Marchena, Joaquin eta Ayala zigortuta daude, eta Edu, Vicente, Miguel eta Angulo min hartuta, besteak beste. Quique Sanchez Flores entrenatzaileak «oporrak hartzeko irrikan» daudela onartu du aste honetan. Txapeldunen Ligarako sailkapena ziurtatuta daukate, eta jokoan ohorea baino ez. Nolanahi ere, eta baldintza horiekin guztiekin, Valentziak Realari irabazteko ahala sobera dauka. Lotinak aldaketa bakarra egingo du, gehienez. Prieto min hartuta dago. Kovacevic hasieratik arituko da ziurrenik, lunbalgia arazoak izan baditu ere.
Bigarren eta azken aukeraAthleticentzat
Athleticen historiako partidarik garrantzitsuena al da Levanteren kontrako gaurko neurketa? Zale askok baietz uste du. Beste batzuek, ordea, ezetz. Duda barik, neurketa garrantzitsua da zuri-gorrientzat. 109 urteko historian sekula ez da egon azken jardunaldian maila galtzeko arriskuan. Beraz, finala da. Inork jokatu gura ez duen finala, baina finala, azken finean. Galduz gero, jokalari askok sekulako zama izango dute gainean. Gehienentzat zama astunegia izango da. Jaitsierak etorkizuneko belaunaldiei presioa kenduko diela pentsatzen duenik ere bada. Halere, horiek ere ez dute Athletic Bigarren Mailan ikusi gura. Zenbat eta beranduago jaitsi, orduan eta hobe. Sekula gertatzen ez bada, hobe, gainera.
Athleticek Levanteren aurkako norgehiagoka baino askoz garrantzitsuagoak jokatu dituela uste dutenak ere asko dira. Athleticek 109 urte ditu. Sekula ez du Bigarren Mailan jokatu, baina talde zuri-gorriari garaipenek eman diote handitasuna eta indarra. Espainiako zortzi Liga eta hogeita hiru Kopa irabazi ditu Athleticek. UEFA Kopako final bat ere jokatutakoa da -Juventusen aurka, 1977an, UEFA Kopan aurrean ibiltzea egun baino askoz gaitzagoa zenean-. Garaipenek eta jokatutako ehunka neurketa garrantzitsuk egin dute berezia Athletic. Irabazitako txapelketek eta filosofiak, nola ez. Horregatik ditu Athleticek horrenbeste zale: Bizkaian, Euskal Herrian eta baita kanpoan ere. Zale paregabeak, gainera.
Jarraitzaileek ere argi dute partida garrantzitsua dela. Txapelketa bat jokoan dagoen adinako garrantzia eman diote neurketari. Ikusmin handia sortu du partidak. Ibaiganeko telefonoak isildu barik egon dira aste guztian, toki guztietako jarraitzaileen eskariak hartzeko. Ez da lekurik egongo guztientzat. Salgai ipini ziren sarrerak aitaren batean saldu ziren. Zaleek ez dute huts egin gura. Taldearekin egon gura dute. Euren esku dagoen guztia egingo dute. «Zaleak onak diren edo txarrak diren memento txarretan ikusten da. Azken bi denboraldiotan ez dute huts egin», adierazi zion Josu Sarriegik BERRIAri aste honetan. Gaur ere San Mamesen egongo dira. Harmailak beteta egongo dira.
URZAIZ IZANGO DA ERREFERENTZIA. San Mameseko 40.000 eserlekuak bete egingo dira. Bete bai, baina ez da samurra izango zale horiek jarlekuetan eserita egotea. Tentsioa eta presioa ikaragarria izango da. Zaleak urduri egongo dira, baina baita jokalariak ere. Epaileak lehenengo aldiz txistua jo arte bai, behintzat. Partida hasten denean, barruan daramaten gogo eta amorru guztia askatu beharko dituzte. Itsutu barik, baina jokoan zer dagoen erakutsi beharko dute.
Levantek ez du garaipena oparituko. Abelek zuzentzen duen taldeak ez dauka ezer jokoan, etaetxeko lanak egin ditu. Beraz, tentsio barik jokatuko du aspaldiko partez. Halere, profesional guztiek duten garaipen gosea eta beste motibazioren bat nahikoa izan daitezke gogotsu zelairatzeko.
Athleticek egiten duen jokoa aintzat hartuta, ez da albiste ona. Talde zuri-gorriak sekulako zailtasunak ditu garaipenaren bidean ipiniko dion jokoa egiteko, eta horregatik dago dagoen egoeran: asko kostatzen zaio golak sartzea, batez ere etxean jokatzen duenean. Nahitaez hiru puntuak irabazi behar dituela jakinda -ez dirudi aurkari zuzen guztiek huts egingo dutenik-, Levantek talde zuri-gorriaren antsietatea balia dezake neurketa bere aldera bideratzeko.
Antsietatea zelaian ez agertzeko ezinbestekoa izango da jokalari beteranoen ekarpena. Etxeberriak, Yestek eta, batez ere, Urzaizek garrantzi handia izan dezakete. Batetik, eurek dutelako neurketa erabakitzeko gaitasun handiena. Bestetik, eurek agindu behar dutelako zelaian. Barruan eta kanpoan. Lasai egon behar den unean patxada agindu beharko diete taldekideei. Erritmoa ipini behar dutenean, ostera, eurek gin behar dute aurrera.
Baina, batez ere, okerrik ez egitea izango da garrantzitsuena. Horretarako, 11 jokalari «seguruenak» zelairatu dituzte Jose Manuel Esnal Mane-k eta Angel Garitano Ondarru-k. Erregularrenak. Arlo horretan, beharbada Casasek sortzen du duda gehien. Manek uste du egun ezker hegalerako duen aukerarik onena dela. Makina bat froga egin du, baina azkenean sopeloztarraren alde egin du.
Jokalari batzuk edo beste batzuk aritu, Athleticek ezin die aukerarik eman Santanderren, Vigon eta Valentzian San Mamesera begira egongo diren aurkariei. Jokalarien eskuetan dago.
Klasikoen estualdia
Historian aurreneko aldiz azken jardunaldian mailaz jaisteko arriskuan daude Reala eta Athletic
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu