Euskal Herriko edozein enpresak bere hitzarmena duen neurrian, NBAk ere berea dauka, eta berritu egin behar izaten da noizean behin. Ekainaren 30a, herenegun zen muga eguna azken hitzarmena berritzeko, eta ez da akordiorik lortu. Ondorioa beste enpresa guztietan gertatzen den berbera da: lock-out edo greba orokorra. 2011-2012 denboraldi osoa airean dagoela esan nahi du horrek, baita udan egin behar ziren lehiaketa, partida, kontratu berritze eta jokalari aldaketa oro ere. Greba erabatekoa da, arlo guztiei eragiten die, eta ezin da inolako aktibitaterik egin.
Diruan dago arazoaren funtsa. Taldeetako jabeek jokalarien soldaten murrizketa eskatu dute, eta hori eskatzeko, azken urteetan dirutza galdu dutela argudiatu. 300 milioi dolar azken denboraldian (206 milioi euro inguru). Galera horiek orekatzeko, jokalariei soldata murrizketa exijitu diete. Talde bateko aurrekontuen %57 jaso izan dute jokalariek, eta portzentaje hori %51ra jaistea eskatzen zuten jabeek. Horri esker, soldata muga 62 milioi dolarretik 45era jaistea lortuko litzateke (43 milioi eurotik 31ra), jabeen arabera, eta galerak murriztu.
Jokalariek, berriz, soldata murrizteko konpromisoa hartzeko prest agertu ziren, baina urtez urte eta pausoz pauso. Proposamen horrek asetu gabe utzi ditu, ordea, jabeak, eta ezinezkoa egin akordioa. Jokalarien sindikatuak taldeek euren galeren berri ematerakoan iruzurra egin dutela salatu du. Egia dela zenbait klubek galerak dituztela, baina baita ere beste askok aitortzen ez diren irabaziak dituztela. Batez ere merkatu handiak dituzten hirietako saskibaloi taldeak. New York, Miami, Chicago, Dallas, Boston, Los Angeles eta Houston leudeke horien artean.
Jokalarien esanetan, hiri horietako saskibaloi taldeek dirutza lortzen dute merchandising-aren bitartez, elastikoen salmenta eta besterekin, eta soldata murrizketa «zikoizkeria jarreraren» ondorio dela diote, jokalarien bizkar sos gehiago irabazteko ahalegina. Jokalariek planto egin dute horren aurrean, merkatua eurek sortzen dutela jakitun, eta estutasunean jarri klubak eta NBA bera, jokalari gehienek dirutza irabazten dutelako, eta ez dutelako akordio bat lortzeko premia larririk.
1998-1999 sasoiko greba
Hiru aste barrurako iragarri da bilera berri bat bi aldeen artean, baina ekainean dozena erdi batzar egin dituzte, akordioa lortu ezinik, eta gaur-gaurkoz, jarrerak oso aldenduta daude. Ez da irtenbide errazik ikusten, eta aurrekariek ere ez dute laguntzen. 1998-1999 sasoikoa izan zen azkena. Orduan 32 partida geratu ziren bertan behera, eta urtarrilaren 7an hasi zen liga erregularra. Greba epeak ohikoak dira AEBetan. NFL futbol amerikarreko liga ere greban dago, arazo beragatik.
Berehalako eragina izan du grebak jokalarien adierazpenetan, eta askok hurrengo sasoian Europako talderen batean jokatzeko aukera iradoki dute. Gauzatzen zaila da hori, halere, Pau Gasol, Kobe Bryant, Dirk Nowitzki eta beste izarrek milioi zakua irabazten duelako, eta talde baten soldatapean daudelako, grebak greba. Gainera, greba bertan behera geratuko balitz, NBAra itzuli beharko lukete, eta haien lesioren bat saihesteko asegurua izugarri garestia litzateke Europako talde aberatsenentzat ere.
Kolokan dago NBAko sasoia
Ligako taldeen jabeek eta jokalariek ez dute akordiorik lortu, eta greba hilabeteetan luza daiteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu