Gorputzaldi txarra. Gaizki hasi dute liga euskal taldeek. Baskoniaren garaipena salbuespentzat jo dezakegu, baina haren garaipenak gutxi eduki zuen distiratik. Garaipen grisa izan zen, gauza onak baino gehiago txarrak agerian utzi zituena. Kontuan hartzeko moduko kontuak ere bai, halere: Baskonia langilea ikusiko dugula, agian modu ikusgarrian jokatuko ez duena baina garaitzen zailagoa izango dena. Baskoniak utzitako zalantza giroa asko gaiztotu zen igande eguerdian. Batez ere Donostian, Obradoirok eman zuen astindua hausnarketa sakona egiteko modukoa delako. Hausnarketa eginda ere, irtenbidea ez da erraza, Sito Alonsoren taldeak zulo ikaragarria daukalako saskipean, konpontzen zaila, eta denbora asko beharko delako. Bilbo Basketi gertatu zitzaionak ez du azalpen errazik. Zortzi punturen aldea partida bukatzeko bi minutu geratzen zirenean, eta lau punturena minutu erdi geratzen zenean. Eta, halere, lau puntuz galdu. Kirolean noizean behin gertatzen diren gauza ulertezinak.
Illunbeko izozkailua. Giro grisa zegoen Donostian igande eguerdian, eta barruan ere antzekoa. Bai behintzat Illunben. Apenas 5.000 lagun harmailetan, eta ezer onik ekarriko ez zuen giro hotza. 11-4 aurreratu ziren etxekoak, eta zaleak esnatu apur bat, baina azkar ikusi zen Obradoiro nagusi zela saskipean. Erasoan errebote mordoa berreskuratu zuen, eta Sito Alonso erremedioa bilatu ezinik zebilen. Doblas ez zelako ondo ibili, baina are gutxiago Adeleke eta Betts, biak sasoiz kanpo erabat. Lasme, Kendall, Washington eta beste nahierara aritu ziren, eta legez lortu zuten garaipena. Lagun Aro gogor kolpa dezake porrotak, denboraldi-aurrean ikusitako intentsitatearen arrastorik ez zelako ikusi. Kritikak norbaiti egin behar, eta Baronentzat mezua aste honetan, gauza bat delako erasoan ez asmatzea, bestea defentsan zure parekoak beti irabaztea eta jarrera epela erakustea. Jarrera horrekin jai du Lagun Arok.
Harrokeria? Bilbo Basketen porrotaren azalpenetako bat izan liteke. Alacant baino gehiago zela sinestea, eta partida bukatutzat ematea 38 minutu jokatu zirenean. Zortzi punturen aldea zuen orduan (66-74), eta eskarmentu apur bat duen talde batek ez zuen galduko partida. Bizkaitarrek bai. Aurretik garesti ordaindu zuten, akatsei erremedioa bilatu ezinik: emandako baloiak. 21 eman zituen denera, eta azkenekoa, Mumbruk Rafa Freireri, eta hark Alacant 77-76 aurretik jarri. Porrotarekin nahiko ez, eta Kostas Vasileiadisek aulkitik ikusi behar izan zuen dema, orkatila behartuta. Zalantzazkoa da etzi Real Madrilen aurka jokatuko duen. Liderra dator bisitan Miribillara, eta komeni lehen partida irabaztea, liga 0-2 hastea oso deigarria egiten delako.
Beste Baskonia bat? «Iritsi berriek ez dute nire filosofiara moldatu behar, Baskoniaren filosofiara baizik. Badakizue zer esan nahi duen horrek, ezta? Borroka, izaera, kemena, nortasuna...». Dusko Ivanovicen hitzak dira horiek, Cajasolen aurkako atarikoan esandakoak. Aldaketa asko egin dituzte Gasteiz aldean, eta etorri diren gehienek gutxi dute izarretik, bai behintzat etorkizunean hobeak izan nahi duten jokalari langileek behintzat. Hala da Milko Bjelica, Kevin Seraphin bezala. Litekeena da aurtengo Baskoniak 80-85 puntuko langa iristeko komeriak izatea, baina trukean, hobea da haren defentsa lana. Bartzelonaren aurka ikusi zen Superkopako finaleko minutu gehienetan, eta baita Cajasolen aurka ere. Cajasol izan zen aurreko ligan defentsan ondoen aritu zen taldea, baina 60 puntutan utzi zuen Baskoniak. Biharko partida ere apropos-aproposa da Baskonia berri hori benetako den edo ez jakiteko. Kanaria Handian jokatuko du, ligako plaza zailenetakoa bera. Defentsan asko estutzen du talde horrek.
Zonakako defentsa
Kolore festa: grisetik beltzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu