Miarritze 40. Baiona 10

Kolore zuri eta gorriko derbia

Miarritzek erasoko puntu gehigarriarekin irabazi dio Baionari Anoeta estadioan, eta Heineken kopako postuetan egonkortu daBaionak opari asko egin ditu, eta lehia lehen zatian erabakita utzi dute miarriztarrek

Takudzwa Ngwenya, baloiarekin, lasterka bizian. Miarritzeko hegalekoak partida bikaina jokatu zuen, eta xuri-gorrien laugarren entsegua lortu zuen . ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Eneritz Zabaleta.
Donostia
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Miarritze. Coetzee (Johnstone, 56. min.), August (Terrain, 30. min.), Marconnet (Afoa, 66. min.); Thion, E. Lund (Faure, 68. min.); M. Lund, Lakafia, Hariñordoki (kapitaina) (Lauret, 66. min.); Yachvili (Lesgourgues, 63. min.), Peyrelongue; Balshaw, Traille, Bosch, Ngwenya; Haylett-Petty (Bolakoro, 63. min.).

Baiona. Lafond (Lea'Aetoa, 56. min.), Roumieu (Hegi, 45. min.), Avril (Baiocco, 50. min.); Boutaty, Filipo (Linde, 66. min.); Bernad, Martin, Baget (kapitaina) (Haare, 45. min.); Gartzia (Audy, 62. min.), Boyet (Fauque, 49. min.); Gerber, Mazars, Lacroix, Huget; Peyras (Pietersen, 54. min.).

Markagailua. 7-0; 14-0; 14-3; 17-3; 20-3; 20-10; 27-10; 34-10 (atsedenaldia) 37-10; 40-10.

Epailea. Mathieu Raynal.

Bestelakoak. 30.000 ikusle inguru izan ziren Anoetan. Baionak Realaren koloreekin jokatu zuen.

Miarritzek kolpe erabakigarria jo zuen atzo arratsaldean, Donostiako Anoeta estadioan erasoko puntu gehigarriarekin Baionari irabazita. Atzoko garaipenari esker, miarriztarrak sailkapeneko goialdean finkatu dira. Lau jardunaldi falta dira Top 14ko fase erregularra bukatzeko, eta aitzinamendu handia egin du Agilerako taldeak Heineken koparako sailkatzeko, eta Top 14ko final-laurdenak jokatzeko. Aldiz, Baionak gero eta zailagoa izanen du lehen sei postuetan sailkatzea, eta atzoko porrotaren ondotik burua altxatzen puska batean kosta behar zaio.

Beti bezala, ikusmin handia piztu zuen derbiak. Joaneko partidan ez bezala, baina, ikusmina fite itzali zen. Aldi honetan ez zen partida esturik izan —19-22 irabazi zuen Miarritzek joanekoan—. Talde zuri-gorriak partida hasieratik hil zuen, eta beti kontrolpean izan zuen norgehiagoka. Hasiera ezin hobe bati esker, berehala hartu zuen markagailua, eta Baionari aukera bakarra ere ez zion utzi.

Noski, Miarritzeri bere meritua aitortu behar zaio, hasi eta buka partidaren jabe egin zelako. Baina nola ez aipatu Baionak erakutsi zuen aurpegi tristea? Inoiz baino malestrukago ibili ziren zuri-urdinak. Asmoak onak izanik ere, dena gaizki egin zuten, eta dena gaizki atera zitzaien. Joko hautu okerrak, baloia gorde behar zelarik eskuz jokatzea, eskasak atzematen ez zituzten ostikoak, defentsako petoak... egin behar ez denaren laburpen bat 80 minutuko denbora tartean.

Peto horietan guztietan handienak, dudarik gabe, Miarritzeren hiru entsegu ekarri zituzten hiru opariak izan ziren. Agilerakoek horren beharrik ez dute izaten partidak irabazteko, eta hainbeste opariren tartean gozatu ederra hartu zuten makilarekin Baiona behin eta berriz zigortzeko.

Zazpigarren minutua jokatzerako Miarritzek lehenengo bi makiladak jo zizkion Baionari. Lehen entseguan defentsan peto egin zuen Baionak, eta Takudzwa Ngwenya hegalekoak bere klasea mintzarazi zuen. Zulatze handia egin zuen, eta ondoren baloiak bere bidea segitu zuen, eta Marcelo Bosch argentinarrak entsegua sartu zuen. Bost minutu geroago, Baionak erasora jo zuen bere zelaitik. Miarritzek defentsa kanpotik barnera igo zuen, eta Baionak hutsera bota zuen pasea. Julien Peyrelonguek baloia jaso, eta entsegua sartu besterik ez zuen izan.Dimitri Yachvilik ere bere taldekideen lan ederra biribildu zuen bi zigor kolperekin, eta lehen oren laurdenean Miarritze 20-3 aitzinetik zegoen.

Miarritzek ez zuen aukera bat ihes egiten uzten, eta alderantziz, Baionak ez zuen bere aukerak baliatzen asmatu. Erasoaldi interesgarri bat edo beste beti ezerezean uzten zuen, aitzin-pasa bat edo malestrukeria bat zela tarteko. Abdel Boutatyk entsegua huts egin zuen, marran baloiak ihes egin baitzion. Lehen zatia bukatzear zela, Gartziak 80 metroko kontraerasoa jokatu zuen, baina azken pasean huts egin zuen.

Erasoko puntuaren bila

Miarritzek berearekin jarraitu zuen, eta Yachvili eta Imanol Hariñordokiren jokaldi bikain bati esker entsegua sartu zuen. Uztartze erdiak ostikadatxo bat jo zuen defentsaren gainetik, eta garaztarrak entsegua sartu zuen. Entsegu horren oinarrian, Baionak gaizki kudeatutako uztartzea zegoen. Raphael Lakafiak bultzada eman zuen, eta Hariñordokik ederki bukatu zuen lana.

Lehen zatia bukatzear zela, Baionaren beste opari bat iritsi zen. Berriz ere bere zelaitik erasora jo zuen Baionak. Yoann Hugetek zalantza gehiegi izan zituen. Miarritzeko defentsa lerroa ikusi, eta korrika hasi zen, desafioaren bila. Azken unean, pasearen alde egin zuen. Berandu eta gaizki, baina. Baloia lurrera joan zen, eta Ngwenyak berreskuratu zuen entsegua sartzeko: 34-10.

Atsedenaldia iristean, Baionak azken sakramentuak jasoak zituen, hilobiaren zuloa egina zuen, eta hileta elizkizuna entzutea baizik ez zitzaion falta. Arnas apur bat botatzen zuen oraindik, baina partida bukaeraren zain egon beste erremediorik ez zuen izan. Miarritzek garaipena sakelan zuen, eta bigarren zatia pasatu beharreko tramite hutsa besterik ez zen izan harentzat.

Normala denez, partidaren indarra dezente apaldu zen. Baionak eskuz erasora jo zuen, baina sinesmen handirik gabe. Jokaldi bat edo beste ederki atera zitzaion, baina aldi oro aitzin-pasa batek edo trakeskeria batek pikutara botatzen zion dena.

Miarritze, aldiz, lasai ederrean aritu zen. Erasoko puntu gehigarria sakelan zuen, eta minutuak pasatzen utzi zituen. Baionak ez zuen zereginik eta Miarritzek ez zuen zer galtzerik. Pixkanaka, minutuak aitzina joan ziren, eta bi taldeak aldageletara joan ziren. Miarriztarrak pozik, eta baionarrak burumakur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.