Koloreez haratago, sentimendua

Festa giroan aldarrikatu dute milaka lagunek euskal selekzioaren ofizialtasuna Bilbon. ESAITek egitarau oparoa antolatu du, eta zaleek ez dute hutsik egin. Goizean hainbat ekitaldi egon ziren Areatzan, eta arratsaldean, manifestazio jendetsua.

Manifestazio jendetsua izan zen atzo Bilboko kaleetan, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Berdez jantzitako jende uholdea. Horixe izan zen atzo Bilboko kaleetan barrena ikusi zen irudi nagusia. Benetan irudi polita eta esanguratsua. Guztiak elastiko berdina jantzita, eta ideia eta sentimendu beraren jabe eginda. Egun osoko festa handia izan zen, eta beste behin ere euskal selekzioaren lagunarteko partida baliatu zuen ESAIT taldeak ofizialtasunaren alde egitarau oparoa prestatzeko. Goizez zein arratsaldez hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izan zen, eta nahiz eta eguraldiak lagundu ez, jendeak bikain erantzun zuen. Sentimenduaren indarraren seinale.

Eguneko ekitaldi nagusiena, iluntzeko 19:00ean Areatzatik abiatu zen manifestazioa izan zen. Indarrak bilduz, ofizialtasuna lelopean, jende andana bildu zen pankartaren atzean. Denon borondatearekin ofizialtasuna lortzea posible dela pentsatuta bat egin zuten ehunka lagunek. Manifestazioaren buruan lau umek izan zuten ikurrina eramateko ardura. Haien atzean, berriz, aurpegi ezagunak joan ziren: Martxel Toledo, Itziar Arratibel eta Pepe Turrillas iritzi taldeko kideak, eta ezker abertzaleko Tasio Erkizia, besteak beste.

Selekzioaren alde bildu zirenen artean «Nazio bat, selekzio bat!», «Ikurrina bai, espainola ez!», «Independentzia» eta halakoak entzun ahal izan ziren, baita Kukutzaren aldeko oihuak ere. Kanturik, noski, ez zen falta izan: Ikusi mendizaleak; Lepoan hartu ta segi aurrera eta Borrokalari kalera abestiak entzun ziren, besteak beste. Euskal Herria aho batezkantari.

Ordu erdi pasatu ondoren Indautxura heldu zen manifestazio burua. Orduan, Itziar Arratibel ESAITeko kideak bildutako guztiei eskerrak eman zizkien: «Harrituta gaude gure borondatea munduan zehar zabaldu dela jakinda». Bertaratutakoek, berriz, txalo zaparrada batez erantzun zioten. Gerora, askok San Mameserako bidea hartu zuten. Euskal taldeetako zaleek bat egin zuten: «Gaur talde bera animatuko dugu. Selekzio hau hiru kolore baino zerbait gehiago da».

Festa giro handiena arratsaldean izan zen, baina goizean agerraldia egin zuten hainbat eragilek. 13:00 inguruan hasi zen, eta kirolari eta ordezkari politikoek hartu zuten parte. Bertan izan ziren,besteak beste, Xabier Mikel Errekondo Amaiur koalizioko bozeramailea, Niko Moreno ezker abertzaleko kidea... Kirolarien artean, bestalde, surf kaiakeko ordezkariak, Eslovenian euskal selekzioaren izenean lehian ibili diren segalariak eta Erro etaTxikon mendizaleak izan ziren.

Errekondok euskal kirolarien lana eta kalitatea goraipatu zituen. Baita euskaldunek selekzioa izateko duten eskubidea aldarrikatu ere. «Nazio bat eta bakarra garelako nahi dugu selekzioa; gure herriarekin lehiatzeko eskubidea dugu», esan zuen Amaiurreko ordezkariak.

Ildo berean, Arratibelek gaineratu zuen futbolariak euren lana egiteko prest daudela, baina Euskal Futbol Federazioak zelaitik kanpo ez duela aurrerapausorik eman. «Euskal Herriko Federazioak ez du pausorik eman ofizialtasunaren alde, eta susmoa dugu ez duela eman nahi». Hori dela eta, euskaldun askoren sentipenaren berri eman zuen: «Futbol jokalariak eta, oro har, kirolari guztiak haserre daude».

Halere, itxaropentsu egoteko arrazoiak daudela esan zuen. Alde batetik, eta arlo juridikoan, Kirola Arbitratzeko Epaitegiaren (TAS) epaiaekarri zuen gogora. Bertan jasotzen denez, nazioarteko federazioak, erakunde pribatuak izaki, estatuek eta gobernuek ez dute auzi horretan erabakitzeko eskubiderik. Bestalde, kirolarien eta zaleen borondateak lan egiteko indarra ematen duela adierazi zuen.

Pantaila bat Areatzan

San Mamesera gerturatzerik izan ez zuen orok, Areatzan jarritako pantaila erraldoian izan zuen partida ikusteko aukera. Ez zen zelaian bezainbeste jende bildu, baina giro ona egon zen. Oro har,egun osoan izan zen giro aparta. Denetarik izan zen: Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna, Itziarren Semeak taldearen kontzertua... Guztien beharra izango da ofizialtasuna lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.