Roglic zen faborito nagusia 19,4 kilometroko erlojupekoan, eta ez du huts egin. 22.26ko denbora egin du. Patrick Bevin (BMC) izan da bigarren, bederatzi segundora, eta Vasil Kirienka (Sky) hirugarren, 11ra. Itzulia irabazteko hautagaien artean Julian Alaphilippe (Quick Step) izan da onena, 42ra. 46ra geratu da Bauke Mollema (Trek). 49ra Patrick Konrad (Bora), 56ra Ion Izagirre (Bahrain), 1.01era Emanuel Buchmann (Bora), 1.11ra Gorka Izagirre (Bahrain) eta Pello Bilbao (Astana), 1.16ra Mikel Landa (Movistar) eta 1.18ra Nairo Quintana (Movistar),
Sailkapen nagusian, Roglicek 34 segundo ateratzen dizkio Alaphilipperi, 1.33 Mollemari, 1.36 Konradi, 1.42 Gorka Izagirreri, 1.48 Buchmanni, 1.51 Landari, 1.57 Bilbaori, 2.08 Quintanari eta 2.11 Ion Izagirreri. Alde handiak dira ia guztiak. Beraz, itxuraz, Roglicen eta Alaphilipperen arteko buruz burukoa izango da Itzuliko azken bi etapatan.
Gaur denbora galdu dutenek aukera dute bihar berreskuratzeko, oso etapa bihurria jokatuko baitute Gasteiz eta Eibar artean. 163 kilometro egin beharko dituzte, bi zatitan banatuta: aurreneko 90 kilometroak eta hurrengo 76ak. Aurreneko zatik ez du zailtasun handirik, baina bai hortik amaiera artekoak. Izan ere, azken 76 kilometroetan hiru mendate igoko dituzte: Elosua (8,1 kilometro eta %6,9ko pendiza) eta Endoia (zazpi kilometro eta %5,1) Bigarren Mailakoak; eta Azurki, Lehen Mailakoa (5,5 kilometro eta %7,6). Azken mendate horretako gailurretik helmugara hamazazpi kilometro daude.