Aritz Lasa-Laskurain 22. Jaunarena-Barriola 14

Kolpearekin soilik ezin

Jaunarena ez da gaizki aritu bere debutean, baina galdu egin du Barriolarekin Lasaren eta Laskurainen kontra

jon eskudero
Tolosa
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Profesional mailako debuta beti izaten da zaila. Gehiago edo gutxiago, baina urduritasunak eragin egiten du. Eta Jon Jaunarenari ere horixe gertatu zitzaion atzo Tolosako Beotibarren. Leitzatik sekulako jende pila hurbildu zen bertara, pilotaleku osoa bere aldeko pankartaz josita zegoen, eta kazetariek ere ez diete lasaitasun handirik eman azken egunotan. Ez zuen gaizki jokatu, tanto politak egin zituen artean, baina nahiko lotuta aritu zen, eta galdu egin zuen Barriolarekin Aritz Lasa-Laskurainen kontra.

Bere dohain nagusia, hori bai, begi bistan utzi zuen: eskuin kolpea. Sekulako abiadura ematen dio pilotari, eta hainbatetan aho zabalik utzi zuen ikusle bat baino gehiago. Ordea, afizionatuetatik goi mailara dagoen saltoa azkar nabaritu zuen leitzarrak. Lehen tanto egiten zituen pilotakadak ez ditu hala lortuko orain, eta horrek zaildu egingo dio 22ra iristea. Izan ere, pilota frontisetik oso urrun jartzen du, baina aireko jokoa da bere ahulgune nagusiena, eta kosta egiten zaio tantoak bukatzen. Gantxo bat, baina, ikusgarria jo zuen, eta hori, egiten badakien seinale da.

Aditu batek baino gehiagok esan izan dio Jaunarenari atzelari postua egokiagoa dela beretzat aurrelariarena baino. Leitzarrak, ordea, aurreko koadroetan jokatzea du gustuko, eta daukan kolpea bertatik baliatzea. Badirudi, hala ere, buruz buru hobeto moldatuko dela binaka baino. Atzo, bederen, hala antzeman zitzaion.

Aurkarien maila ere kontuan hartu behar da, noski. Atzelari lanetan Barriola bazuen ere, kontrarioak izen handikoak zituen Jaunarenak. Aritz Lasak eta Laskurainek, Pascualen azken orduko ordezkoak, norgehiagoka oso ona jokatu zuten, eta ez zuten tanto bakar bat ere barkatu. Urretxuarrak erakutsi zuen asteburuan joko puntu bikainean dagoela, eta atzo jarraipena eman zion bolada horri. Soraluzekoak ere azken aldiko neurketarik onenetakoa jokatu zuen, pilota asko gozatuz eta defentsa bikaina erakutsiaz.

Nekearen eragina

Neurketak hasiera orekatua izan zuen, eta tanto bikainak eskaini zituzten bi bikoteek. Gogorrak eta erritmo bizikoak. 7-3 aurreratu ziren gipuzkoarrak, baina, ortzak estutu, eta berdintzea lortu zuten leitzarrek. Erditik aurrera, baina, nekatu egin ziren, eta hortxe desorekatu zen partida. Laskurainek sendotasun handia erakutsi zuen, eta Lasak bikain baliatu zituen aukerak ezker gantxoz gailentzeko.

Asteburuan binakako txapelketako partida izango dute Barriolak eta Laskurainek, eta egia esan, pasada handia jaso zuten atzo. Leitzar atzelariak aldageletara ere egin behar izan zuen bisita, takoak konpontzeko. Jaunarenak, berriz, Bigarren Mailako binakakoan hartuko du parte, Larrinagarekin batera.

Iraupena. 62 minutu.

Pilotakadak. 520.

Sakez. Aritz Lasak bat, eta Jaunarenak bi.

Markagailua. 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 7-3, 7-8, 10-8, 10-11, 17-11, 17-13, 19-13, 19-14 eta 22-14.

Bestelakoak. Leporaino betea Tolosako Beotibar. Jaunarenaren aldeko hainbat pankarta pilotalekuan. Hasieran dirua gorri (100-80).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.