Irak

Konferentzia Nazionalaren proposamena onartu du Al Sadrek, eta miliziak desarmatzeko prest da

Irakeko Konferentzia Nazionalak Najafera bidalitako ordezkaritzak egindako bake proposamena onartu du Moktada Al Sadr imam xiitak, eta Mehdiren Armada miliziak desarmatzeko eta Najafetik erretiratzeko gertu agertu da. Hala jakinarazi du Konferentzia Nazionalak. Azaldu dutenez, gutun baten bidez adierazi die Al Sadrek proposamena onartzen zuela. Nolanahi ere, ordezkaritzak ez zuen Al Sadr berarekin batzartzerik izan, "segurtasunagatik" uko egin baitzion bilerari buruzagi xiitak. Horregatik, Konferentzia Nazionalaren ekimenak porrot egin zuela uste zen, eta gaur goizean borroka handiak lehertu dira berriro Najafen.

2004ko abuztuaren 18a
17:14
Entzun
Lekukoen arabera, tiro hotsa eta leherketak dira nagusi Najafen, Ali Imamaren mausoleoaren inguruan, hau da, Al Sadren aldeko miliziak gotortuta dauden inguruan.Atzo, eguna lasaiagoa izan zen Irakeko Konferentzia Nazinalaren bitartekaritza saioa zela eta.

Irakeko Konferentzia Nazionalak ordezkaritza bidali zuen atzo Najafera, Moktada Al Sadr buruzagi xiitarekin batzartzeko eta amore eman dezala eskatzeko. Hala ere, Al Sadr imamak ez zuen onartu bilera egiteko eskaera; "segurtasun arazoak"argudiatu zituen. Ondorioz, helburua bete gabe itzuli da Bagdad hiriburura Konferentzia Nazionalaren ordezkaritza.

Nolanahi ere, Al Sadren ordezkari batzuekin mintzatzeko parada izan dute Konferentzia Nazionaleko kideek. Zehazki, eskaera egin dizkiete: Al Sadr buruzagiak amore eman dezala eta Mehdiren Armada milizia desarmatu eta alderdi politiko bilaka dezala.

Konferentzia Nazionalak Najafera igorritako ordezkaritzan Al Sadr imamaren bi senitarteko daude: Hussein Al Sadr Konferentzia Nazionaleko lehendakaritzako kidea eta Doha Al Sadr imamaren izeba.

AEBetako Armadak Najafen aurkako erasoaldi gogorra egin arren, Al Sadr buruzagiak eta Mehdi Armadak xiiten hiri santuan gotortuta segitzen dute. AEBetako indarrak erretiratzea eta hiriaren agintea buruzagi erlijioso xiiten esku lagatzea galdegiten dute armak uzteko.

Atzo, Vatikanoaren bitartekaritza eskatu zuen Al Sadrek eta Eliza Katolikoaren buruzagitza lan horretarako prest agertu zen.

Xiiten altxamendua abuztuaren 5ean hasi zen Najafen, eta ordutik beste zenbait hiritara ere zabaldu da. Hala ere, Najaf hiri santua da erreboltarien gotorleku nagusia. Oldarraldia hasi zenetik jende asko hil da hiri horretan —tartean, zibil ugari—, eta bizilagun askok alde egin dute Najafetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.