Joan zen larunbatean aurpegiak ilunak ziren Londresko The Stoop estadioan. Lehen zatian Harlequinsekin berdinduta egon ondoren (13-13), 27-0ekoa jaso zuen Miarritzek bigarren zatian, eta astindua jaso, partida bukatzerako (40-13). Londresen jasotakoarekin, bost dira Miarritzek segidan galdutako partidak. Porrot hark minduta utzi du Agilerako taldea. Multzoko lehen postua lortzeko bidea oso zail dauka orain. Harlequinsek pot egitea itxaro beharko du, eta etxean erasoko puntuarekin irabazi beharko dio. Final-laurdenak jokatu ahal izateko, sei multzoen artean bigarren sailkatutakoentzat dauden bi txarteletarik bat lortzea izanen da, akaso, bide errazena.
Heineken Kopak hori dauka, formatu laburrean jokatzen dela: sei partida jokatzen dira ligaxkan, final-laurdenei ekin aurretik. Partida bat galtzea sekulako oztopoa da aitzina jarraitzeko, eta arerioak erasoko puntua eskuratzen badu... Aste barruan bisaiak itxi dira Miarritzen, eta jokalariek sekulakoak entzun dituzte. Serge Milhas aitzinekoen entrenatzaileak abisu argia plazaratu zuen Londresen galdu eta berehala: «Jokalariek traizionatu egin gaituzte. Atsedenaldian mezu batzuk pasatu genituen, eta erabat aurkakoa egin zuten. Entrenatzaileok lotsa sentitzen dugu, eta espero dut jokalariek gauza bera sentitzea».
Hitz gogorrak entzun dituzte jokalariek aste guztian. Baina, estrategia gerlariaz harago, asperdura zantzuak antzeman zitzaizkion Milhasi: «Zelaian irrigarri gelditu ondoren, jokalari batzuek partida txarra jokatu zuten sentsaziorik ez zuten. Top 14ko lehen lau partidak irabazi ondoren, burua puztu zaigu. Lan saioetan min egiteko, indarra egiteko gogorik ez dut sumatu, eta partidak horren adierazle dira».
Horra, esaldi labur horietan, Miarritzeren urte ilunenetako mamuaren itzulera. Orain urte batzuk, Patrice Lagisquet eta Jacques Delmas erabat akituta joan ziren taldetik, jokalarien erreakziorik eragin ezinda. Jean Mixel Gonzalezek ere ez du oroitzapen oso onekin utzi taldea, batik bat azken asteetan izaniko giroarengatik. Miarritze hondoa jotzen ari al da? Oraindik oso goiz da horrelakoak botatzen hasteko, baina garaipen premia dauka.
Zebre, eraikitze fasean
Talde esperimentala da Zebre, Italiako Federazioak Aironiren errautsetatik sortua: «Aironiko jokalari ohiak, haien eskarmentua ekarri duten zakur zaharrak, eta Italiako selekzioko geroa izanen diren jokalari gazteak batzen ditugu. Taldea eraikuntza prozesuan da», zehaztu du Christian Gajan Zebreko entrenatzaile eta Baionako kirol zuzendari ohiak.
Zeltiar ligan jokatzen du Zebrek, Eskozia, Gales eta Irlandako taldeekin batera. Orain arte, partida bakarra ere ez du irabazi. Heineken Kopan bere aukerei eusteko erasoko puntuarekin irabazi beharko du gaur Miarritzek. Bost puntu horiek on eginen diote sailkapenean, eta, bide batez, taldea berriz ere konfiantzaren eta garaipenaren bidean ezarriko du. Horren beharrean dira xuri-gorriak.
MIARRITZE-ZEBRE
Miarritze. Balshaw, Ngwenya, Burotu, Traille, Brew, Barraque, Lesgourgues, Barcella, August, Gomez Kodela, Lund, Taele, Lund, Lauret eta Lakafia.
Zebre. Trevisan, Venditti, Garcia, Halangahu, Pratichetti, Orquera, Martinelli, Perugini, Festuccia, Redolfini, Geldenhuys, Van Vuren, Ferrarini, Bergamasco eta Van Schalkwyk.
Epailea. Dudley Phillips.
Lekua. Agilera (13.500 ikusle).
Ordua. 19:00 (C+ Frantzia).
Sailkapena. 1. Harlequins (5 puntu); 2. Connacht (4 pt.); 3. Zebre (0 pt.); 4. Miarritze (0 pt.).
Konfiantzarako bost puntu
Italiako Zebre taldearen aurka jokatuko du Miarritzek gaur, etxean, erasoko puntuarekin irabazteko premiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu