Espainiako Kirolaren 10/1990 Legea moldatu, eta kirol arloan Espainiarentzat "iraingarriak" diren ekimen edo jokabideak zigortzeko Valentziako Gorteek Kongresuan aurkeztutako proposamena atzera botako dute talde denek, PPk tartean.
David Serra Valentziako erkidegoko PPko diputatuak defenditu du proposamena parlamentuan, eta haren taldekide Miriam Blascok asmoa erretiratzeko eskatu dio, balizko zigorrak 2007ko Kirolaren Legean daudela argudiatuta.
Valentziako Gorteek 2008an sartu zuten Kongresuan proposamena eztabaidatzeko eskaera.
Duela hiru aste Madrilen futboleko Espainiako Kopako Athletic-Bartzelona finalean ereserkiaren aurkako txistu ugari jo zuten bi taldeetako jarraitzaileek. PPko zenbait agintarik kexua agertu zuten.
Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak gaitzetsi egin du Valentziako Gorteen proposamena, "Espainiako identitatea ezartzeko beste saio bat" izan delakoan. "Kriminalizazio" ahalegina ere badago horren atzean, Errekondoren arabera.