Konplexuak gibelean uzteko

Baionak bere denboraldia zinez abiatu nahi du, baina gaurko bisitaria, Racing, sasoiko dago

Manu Ahotaeiloa, baloiarekin, Stadeko bi jokalari atzean utzi nahian, Jean Dauger zelaian, Top 14ko bigarren jardunaldiko partidan. NICOLAS MOLLO.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Gaizki hasi du Top 14a Baionak. Lehen lau partidatik hiru galdu ditu, eta bederatzigarrena da sailkapenean. Ez dira zenbaki onak, eta iragan sasoiko mamuak uxatzeko, abiada hartzeko garaia du. Lehen aukera gaur izanen du, etxean, Racingen aurka (18:30).

Gaizki hasita ere, baionarrek ez dute sasoi hastapen erraza izan. Bitan aritu dira etxetik at, bietan galtzaile ateraz, Perpinyan eta Castresen. Etxean beste bi aldiz aritu dira: Clermont handiaren aurka galdu zuten, eta Staderi irabazi. Maldan gora hasi du Baionak sasoia, baina hemendik aitzina, bidea lauago ezarri nahiko du. Hurrengo lau partidetatik hiru etxean jokatuko ditu, eta tartean Anoetan ariko da bisitari gisara, Miarritzeren aurka.

Sasoiari egiazko abiada emateko parada da gaurkoa? «Kazetariek beti ikusten dituzue bihurguneak, aurkari zerrenda erraz edo zailak... baina guk aski lan badugu hurrengo aurkariarekin».Christian Lanta Baionako entrenatzaileak kontrakoa erranen du, baina ongi badaki hurrengo lau partidek anitz baldintzatuko dutela sasoia. Etxean partida guztiak irabaziz gero, gora egingo du sailkapenean. Egutegia gaizki kudeatuz geroz, aldiz, krisi sakonean sartuko da.

Eta egutegiari behar bezala ekiteko, ez da edonolako aurkaria etorriko Baionara. Toulonekin batera, Top 14ko aberats berria da Racing. Jacky Lorenzetti presidenteari esker, fitxaketa anitz egin ditu, eta talde sendoa du. Jokalari garrantzitsuak joan zaizkio, iragan sasoian Pierre Berbizier entrenatzaile ohiarekin izandako liskarrak gorabehera, baina oraindik oso kontuan hartzeko taldea dauka.

'Pack' pisutsua

Racingek oso errugbi pragmatikoa jokatu ohi du. Aitzinean oso indartsua da, eta ostikatzaile finak ditu. François Steynek taldea utzi eta Jonathan Wisniewski min hartuta egon arren, Gaetan Germain gibelekoak bere talentua erakutsiko du ostikadetan.Horri eta aitzineko indarrari esker, ondo hasi du denboraldia Racingek. Clermonten etxean ozta-ozta galtzaile atera zen joan zen astean (12-13). Parisko taldeari aurre egiteko, Lantak eta Christophe Deylaudek aitzinean kiloen alde egin dute. Bigarren lerroan, Senekal Boutatyrekin batera ariko da. Mark Chisholm kapitaina, berriz, bigarren lerrotik hirugarrenera gibelatuko da, bere indarra ekartzeko. Gibelean, talde klasikoa zelairatuko du Deylaudek: Rokocoko, Mazars, Ahotaeiloa eta Gerber ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.