Real Madril. Rodriguez (20), Singler (10), Suarez (2), Mirotic (5), Tomic (15) —hasierako bostekoa—; Pocius (4), Felipe Reyes (2), Llull (8), Velickovic, Begic (12) eta Carroll (11).
Gescrap Bizkaia. Jackson (2), Grimau (2), Mumbru (17), D'Or Fischer (6), Banic (18) —hasierako bostekoa—; Fisher, Mavroeidis (8), Hervelle (2), Vasileaidis (13) eta Raul Lopez (5).
Markagailua. 26-16, 50-36 (atsedenaldian); 69-55 eta 89-73.
Epailea. Pukl, Jovcic eta Lottermoser. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 8.000 ikusle inguru Madrilgo Kutxa Magikoan.
Tentsioa eskatzen dute partida zailek. Tentsioa hasiera-hasieratik, ez atsedenaldiaren ostean, edo entrenatzaileak hutsartea eskatu eta sekulakoak aurpegiratu ostean. Aurkariek ere asko dutelako jokoan eta oso onak direlako. Zer esanik ez, erraztasunak ematen bazaizkie. Gescrapeko jokalariak lezio hori ikasi gabe zutela kantxaratu ziren Madrilen, edo ikasita bazuten, gatzik gabe, lozorroan, bigun, komenigarria den jarrera oldarkorrarekin.
Ondorioa? Muturreko galanta. Nola bestela, parean talde puska dagoenean. Lehen lau minutuetako 9-8koa ilusio hutsa izan zen, Real Madrilek defentsa estutu eta saskirako bidea itxi ziolako Bizkaiari, Bizkaiak bere saskian sekulako erraztasunak ematen zituen bitartean. Sergio Sanchez joko antolatzaileak min handia egin zuen blokeoa eta jarraipenarekin, Tomic eta Begic bikotea elikatuz. Eraso bakoitza saskiratze bihurtzen zuen Pablo Lasoren taldeak Katsikarisen haserrea handitzen zihoan heinean. 26-16 bukatu zen lehen laurdena, Jaycee Carrollek biko ikusgarri bat saskiratu ondoren. Hamar minutuko jokoa, eta partida erdi hautsita.
Bizkaiak defentsa joko ona lehenbailehen berreskuratzea zen partidan sartzeko aukera bakarra, baina lortzekotan, ahalik eta azkarren. Real Madrilek ez duelako barkatzen. Mirza Begicek aspaldiko partida onena egin zuen Mavroeidis, D'Or Fischer eta Axel Hervelleren jarrera epela baliatuz, eta defentsa ona zenean, Pociusek, Carrollek edo Llullek bere talentua erabiltzen zuten beltzekoak behin eta berriro kolpatzeko. Bizkaia kontrakarrean zebilen, lehen laurdeneko zama astuna gainetik kendu ezinik. Gehien hurbildu zen unean ere hamabi puntura gerturatu zen, eta atsedenaldian errenta erabakigarria zeukaten espainiarrek: 50-36.
Bikoetan portzentaje ona lortu zuten bi taldeek, baina hirukoetan bederatzi egin eta denak kale Bizkaiak. Nabarmentzekoa Vasileiadisen gau txarra. Kontu bat delako asmatzea edo ez asmatzea, eta bestea presaka jokatzea. Hiruzpalau jokaldi sei-zortzi segundoko eraso jokaldi eginda bukatu nahi izan zituen, jokaldia landu gabe, eta horrelakoetan jakina da zer gertatzen den: kale. Real Madrilen lan ona erakusten duen datua ere bai: 11 asistentzia. 22 puntu erraz.
Esnatu ziren, baina berandu
Miribillatik ere entzun omen ziren Katsikarisen oihuak. Eta esnatu zen Bizkaia. Gauzak ondo egiteko borondatearekin, aurkariaren jarduna oztopatzeko asmo tinkoz. Ez zen zaila lehen zatiko jarduna hobetzea, eta hobetu zuten. Sufrituz, besoak erabiliz, gorputza, epaileen baimena izan zutenean. Eta urduritu egin ziren etxekoak. Zazpi puntura hurbildu zelako Bizkaia 15 minuturen faltan. Mumbruk hartu zuen taldea bizkar gain, eta zortzi puntu on saskiratu errenkadan.
Partida zegoen, ez zela egongo zirudienean, eta ez zen gutxi. Berrindartuta, eustea, erronka lanean jarraitzea zen, eta jarraitu zuten, baina Real Madril ez zegoen barkatzeko. Lanerako jantzia soinean jarri, eta minutu pare batean hanka egin zuen berriro: 63-49 Carrollek bikoa sartuta. Zaplazteko handiagoa izan zen hirugarren laurden bukaeran Sergio Llullek sartu zuen hirukoa, bakar-bakarrik, Raul Lopez blokeoan kateatuta geratu ostean.
Laurden osoa geratzen zen, eta garaipena lortzetik urrun, puntu aldea zaintzea, hobetzea zen helburua. Egurrean ekin zion azken hamar minutukoari Bizkaiak, eta 0-10eko partzialarekin 69-65 hurbildu sei minuturen faltan. Ordduan, eta berriro, kontrakarrean indarrik gabe geratu izan balira bezala, aise hartu zuen aginte makila berriro Real Madrilek, garaipena lotu eta puntu alde polita lortzeko: hamasei puntu.
Real Madril 89. Gescrap Bizkaia 73
Kontrakarrean, zaila
Bigun aritu da Gescrap lehen zatian, eta 50 puntu hartu ditu; 69-65 hurbildu da, baina esku-hutsik itzuli da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu