Mesede egin dio zozketak Tauri. Maccabi multzo berean jarri arren, ustez kalitate gutxiagoko taldeen kontra jokatu beharko du. Lottomaticak eta Paue Orthezek lehen fase txukuna egin dute. Kalitatezko jokalariak dituzte, baina ligaxkan Baskoniak nagusitu behar du. Dena den, ohiko arazoari aurre egin behar dio hori lortzeko. Ustezko talde ahulagoen kontra zaila gertatzen da tentsioa partida osoan mantentzea.
Egutegiak nolabaiteko mesedeaereegin dio Baskoniari, interpretazio ezberdinak egin daitezkeen arren. Etxetik kanpo jokatuko ditu lehen bi partidak, baina azkena Gasteizen izango da. Lehen neurketa erabakigarria bigarren jardunaldian izango da, Paue Orthezeren etxean. Ustezko talde ahulen etxean irabaztea ezinbestekoa da lehen postuan bukatu ahal izateko, etxeko neurketa guztiak irabazteaz gain. Planinic sasoiko egon daiteke Paue Orthezeren kontrako partidarako, eta hori bereziki lagungarria gertatuko zaio taldeari. Arslanek ere laguntza emango dio taldeari, lehen fasean jokatzerik ez zuen arren, Top 16an egongo baita.
Multzoa eta egutegia mesedegarriak diren arren, alde ilun bat ezkutatzen dute. Tauk lanak izango ditu Top 16a gaindituz gero, final- laurdenetan. E Multzoko taldeekin egingo du topo orduan. CSKA eta Olympiakos dira faborito nagusiak bertan, eta horien kontra neurtuko lituzke indarrak Lauko Finalaren atarian. Hori gertatu aurretik Tauk final-laurdenetarako sailkatu behar du, ordea. Ahal izanez gero lehen postuan. Dagokion tokian.
F MULTZOA BELDURGARRIA. Top 16ko gainontzeko multzoetan oreka handia dago. F Multzoa da ikusgarriena. Lauko Finalean sartzeko helburua duten hiru talde elkartu dira bertan: Panathinaikos, Bartzelona eta Efes Pilsen. E Multzoan CSKA eta Olympiakos faboritoak diren arren Joventut ezustekoa emateko prest dago. G Multzoa, ahulena agian, Dynamo eta Unicaja dira faboritoak, Benetton eta Arisek lanak emango dizkieten arren.
erreakzioak
«Maccabi berritu egin da, baina lehen mailako jokalari asko ditu»
josean kerejeta
TAUko presidentea
«D Multzoa zaila da. Maccabi berritu da, gu bezala, baina lehen mailako jokalari asko ditu, baita teknikari ona ere. Tel Aviveko Noki Arenan irabaztea oso zaila da beti. Paue Ortheze ere gustuko dudan taldea da. Euroligan Frantziako ligan baino hobeto jokatzen ari da une honetan. Frantziako talde eredu klasikoa da, fisikoki jokalari indartsuak ditu, baina horietako asko oso gazteak dira. Lottomatica ere kontuan hartzeko taldea da. Eskarmentu handiko jokalariak ditu, eta taldea indartuko du Top 16aren aurretik».
«Lottomaticak gora egin du, eta ezustekoa eman dezake»
VELIMIR PERASOVIC
TAUko entrenatzailea
«D Multzoan faboritoak dauden arren, beste bi taldeek ezustekoa eman dezakete. Lottomaticak gora egin du azken asteetan, eta ezustekoa eman dezake. Denboraldi hasieran eta orain egiten duten jokoak ez du zerikusirik, eta saskipea indartu behar dute orain. Paue Orthezek berak CSKA hartu zuen menpean etxean. Etxean arriskutsua da. Kanporaketa etxean hastea nahiago nuen, eta ez Maccabiren etxean. Fina-laurdenei buruz ezin dut ezer esan. Aurreko denboraldian Panathinaikos menpean hartzea ezinezkoa zen, baina lortu genuen».
Maccabi Tel-Aviv
Erraldoia, beti erraldoi
Ez da garai bateko talde ikusgarria Maccabi. Ez azken hiru denboralditakoa, behintzat. Pragako Lauko Finalean aro ikusgarri bat bukatu zuen, eta denboraldi hasieratik erritmoa aurkitu ezinik dabilela erakutsi du. Aldaketa esanguratsuak izan zituen udan. Pini Gershon teknikariarekin batera Parker, Baston eta Solomonek taldea utzi zuten. Kalitatezko jokalariak fitxatu zituzten horien tokia betetzeko. Lanak ditu teknikari berriak talde sendoa lortzeko jokalari horiekin.Arazoak arazo, Europako handienen artean dago gaur egun. Jokalari bikainak ditu, aurreko denboraldietako kemena islatzen ez duten arren. Vujcic, Bynum, Sharp, Jasaitis, Burstein, Eliyahu... Euroligako talde saskiratzaileena da Maccabi. Horrek argi erakusten du kalitatea ez zaiola falta. Dena den, talde lana hobetu behar du oraindik. Defentsa. Puntu gehien hartu duen bigarren taldea izan da lehen fasean, Rhein Energieren atzetik bakarrik. Akats hori zuzentzeko ahalegina egin dute azken partidetan, eta Panathinaikos ahalguztiduna bera hartu dute menpean.
Bostekoa: Bynum, Burstein, Jasaitis, Eliyahu, Vujcic.
Izarra: Nikola Vujcic.
Lottomatica Erroma
Bodirogaren eraginpean
Azken denboraldietan Europan egon den jokalari erabakigarrienetako baten laguntzarekin heldu da Lottomatica Top 16ra. Dejan Bodiroga da Erromako ikurretako bat eta, aldi berean, arma nagusietako bat. Eskarmentua ez zaio falta hegaleko serbiarrari partidak erabakitzeko. Talde langilea eta kalitatezko teknikaria (Jasmin Repesa) ditu Erromak, Bodirogaren buru argiaz gain. Jokoa hobetu du lehen faseko azken txanpan, eta, zaila izango den arren, final-laurdenetan sartzeko itxaropena dute.Kanpoko lerroan biltzen da Erromakoen arrisku nagusia. Hawkins, Chatman eta Bodirogaren artean 50 puntu saskiratzen dituzte aldiko. Hirukote horretaz gain, erantzukizuna hartzeko gai diren beste hainbat jokalari ditu Repesak. Ilievskik kanpoko lerroaren arriskua handitzen du. Askravicek, Garrik eta Mavrokefalidesek sendotasuna ematen diote saskipeari defentsan. Oso talde sendoa da Erroma, batez ere etxean jokatzen duenean. Maccabik eta Joventutek berak bertan galdu dute lehen fasean. Etxean duen indarraz baliatzen saiatuko da Lottomatica final-laurdenetara heltzeko.
Bostekoa: Chatman, Hawkins, Bodiroga, Tonolli, Askravic.
Izarra: Dejan Bodiroga.
Paue Ortheze
Frantziako saskibaloiaren aldarrikapena
Bigarrengoz gozatuko du Top 16az Pau Orthezek, baita lehiatzearen zirraraz ere. Orain dela hiru denboraldi sartu zen, baina, orduan ez bezala, final-laurdenetan sartzeko itxaropena du orain. Lehen fase ezin txukunagoa egin du. Frantziako saskibaloia gora doala erakutsi du. Maccabi eta Tau aurrean ditu, baina CSKA bera hartu zuen menpean lehen fasean. Gogorik ez zaio falta orain dela hiru denboraldiko marka hobetzeko eta, ametsa betetzerik ez badu, faboritoen artean epaile lana egiteko.AEBetako sei jokalari ditu Paue Orthezek. Seikote horrek osatzen du taldearen oinarria, Ricardo Greerekin batera. Fisikoki talde kementsua da, eta horretaz baliatu da lehen fasean zazpi partida irabazi ahal izateko. Kalitatezko jokalariak ditu lerro guztietan. Wrightek oso lan txukuna egin du saskipean orain arte. Hamasei puntu saskiratu izan ditu partida bakoitzean. Dena den, jarrera eta kemena da Paueren ezaugarririk adierazgarriena. Erasoko errebotea gogoz bilatzen dute, eta hori da Tauren ahulgune adierazgarrienetako bat denboraldi honetan.
Bostekoa: Miles, Greer, Harrison, Wright, Johnsen.
Izarra: Michael Wright.