Kontu «fidagarriak» osatu dituztela dio, harro, Jokin Aperribaik

Kluba hobetzeko, behin sendotuta hazten hastea izango da Realeko kontseiluaren erronka

Donostia
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Hiru helduleku nagusi izango ditu datorren azaroaren 3ko Akziodunen Batzar Orokorrak: urteko kontuak, 2011-2012ko denboraldirako aurrekontua eta egungo agintariek jarraituko ote duten edo ez. Kontuetan sartuz, diru sarrerak eta galerak balantza batean jarrita, 430.000 euroren irabaziak aurkeztuko dituzte, gutxienez, kopuruak gora egin baitezake Mediapro ekoiztetxeak kolokan dauden ia 900.000 euroak itzultzen badizkio Realari. Ez ordaintzeko, Mediaprok argudiatu du 2007an txuri-urdinek maila galdu zutenez ez daukala zertan halakorik egin.

Realak kontrakoari eusten dio, ez dagoela jaitsiera klausularik eta berez dagokiona baino ez duela jaso nahi. «Kontu ikuskariei jaramon eginez, diru kopuru hori gurea dela ziur gaude», nabarmendu zuen atzo Jokin Aperribai Realeko presidenteak, eta «fidagarritzat» jo zituen aurreko jarduerarako osaturiko zenbakiak. Sasoi honetarako aurrekontua 40 milioikoa da, bazkide kuotak izango duen %5eko gorakada barne. Erdia baino pixka bat gutxiago, hemezortzi bat milioi euro, lehen taldeko soldatak ordaintzeko dira.

Anoeta berritzeko premia

Karguan jarraitzeko «indartsu» daudela gaineratu zuen Aperribaik. «Epe laburrerako genituen betebehar guztiei aurre egin diegu, eta emaitza orekatua da. Egoera itogarria atzean uztea lortu dugu. Behin sendotuta, hazten hasi behar dugu. Indartzeko, eta lehiakorragoak izateko. Hori da erronka». Anoeta berritzeak zerikusi zuzena izango du horretan, diru sarrera «handiagoak» behar direlako. «Plangintza bideragarria egiten ari gara erakundeei aurkezteko. Badakigu zer-nolako estutasunetan dagoen gizartea. Horregatik pentsatu behar da zer pauso eman behar diren».

Azkenik, Antoine Griezmanni erantzun zion presidenteak. «Zelaian hitz eginez bueltatu behar du bere mailara. Kito».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.