Kopari muzin egin gabe

Final-zortzirenetako joanekoa jokatuko dute gaur Iruñean Osasunak eta Athleticek

ASIER LEGARDA-EREÑO - HARITZ GALLASTEGI IRUñEA-BILBO
2009ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Lehen Mailako euskal taldeen denboraldiko helburu nagusia mailari eustea da, zalantzarik gabe, eta Athleticek zein Osasunak argi daukate Ligak duela lehentasuna, eta ez Espainiako Kopak. Osasunak behintzat ez du zalantzarik. Ligan sailkapeneko azken postuan dira nafarrak, eta ezin dute mailari eustea ez den beste ezertan pentsatu. Athletic egoera lasaiagoan da Ligan, eta Kopa lehiaketa kutuna izan da Bilbon betidanik. Gainera, Athleticeko jokalariak Kopan urrutira iristeko itxaropenarekin daude sasoi honetan ere. Osasunakoak zuhurrago ibili beharrean dira une honetan, baina inork ez dio muzin egiten Kopan jarraitzeari, ezta Osasunak ere. Kanporaketa lehiatua bezain orekatua izango dela dirudi. Eta ez dirudi erraza inork gaur kanporaketa erabakita uztea. Astebete barru erabakiko da dena, San Mamesen jokatuko den itzuliko partidan.

Jose Antonio Camachok argi utzi zuen atzo: «Koparen balioa ez da berdina lehendabiziko kanporaketa hauetan edo finalerdietan edo finalean zaudenean, baina logikoa denez lehentasuna Ligak dauka», esan zuen Osasunako entrenatzaileak, kanporaketa gainditzeari uko egin gabe. Lehentasuna Ligak izan arren, Kopan pozak izaten jarraitu nahi du Camachok. Kanporaketa Bilbon erabakiko dela ere badaki Osasunako entrenatzaileak, nolanahi ere: «Kanporaketa bat da, ez da partida bakarra, datorren astean San Mamesen jokatuko dugu, eta hori aintzat hartu beharrekoa da. Golak ez jasotzea oso garrantzitsua da, eta golak egitea ere bai, noski. Dena dela, kanporaketa ez da Iruñean amaituko, datorren astean Bilbon amaituko da», adierazi zuen atzo entrenatzaile espainiarrak.

Azaroan Bilbon jokatu zuten derbiarekin zerikusirik ez du izango gaur gaueko partidak-Athleticek 2-0 irabazi zion Osasunari -, baina Camachok ez du uste bi taldeak asko aldatu direnik harrezkero: «Partida hura jokatu geroztik ez gara arlo askotan aldatu, ez Osasuna eta ez Athletic, baina egia da guk orain agian gol gehiago sartzen ditugula. Partida ezberdina izango da nolanahi ere, Athleticen kontraeraso gehiago espero ditut, ez baita gauza bera Bilbon edo Iruñean jokatzea. Dena dela, joko zuzenarekin Llorenteren bila jokatzen ere jarraituko du, seguru».

Igandean Sanchez Pizjuanen hasieratik jokatu zuten lau jokalari deialditik at utzi zituen atzo Camachok: Plasil, Font, Azpilikueta eta min hartuta dagoen Kike Sola. Gutxienez lau aldaketa egongo dira nafarren hasierako hamaikakoan, ondorioz. Masud, Juanfran, Ezquerro eta Portillo izan daitezke berritasunak. Dena dela, posible da atean Robertoren ordez Ricardo aritzea eta atzealdean, aspaldiko partez, Josetxok jokatzea.

Ilusioa lagun

Athleticek serio ekingo dio Kopako kanporaketari. Entrenatzaile eta jokalari zuri-gorriek «ilusio handia» dute lehiaketa horretan. Ezaguna da, gainera. Jokalariak sekula baino baikorrago agertu dira aste honetan Koparen inguruan galdetu dietenean. Zuri-gorriek euren jokoan duten konfiantzak eta Kopan egokitu zaien egutegiak baikor izateko arrazoiak eman dizkiete. Ez da ohikoa Lezamako prentsa agerraldietan ia jokalari guztiek ilusioa eta garaipenerako gosea agertzea. Zuhurtzia izaten da futbolarienjokabidearen ezaugarri nagusia. Orain, prentsa aretoan esandakoa berdegunean erakustea falta zaie. Zailena falta zaie.

Athleticentzat ez da une txarrean ailegatu kanporaketa. Zuri-gorriak emaitza eta joko bolada onean daude. Denboraldia hasi zenetik sasoirik onenean daudela esan daiteke. Taldeko jokalari garrantzitsuenak hasi dira eurengandik espero zena ematen. Gehienak euren maila onenetik gertu daudela esan daiteke. Jokalarien hobekuntzak taldearen hobekuntza ekarri du. Talde sendoa da gaur egun Athletic. Aurkariari aukera gutxi ematen dizkio. Defentsan hobetu egin du, eta atzealdean erakutsitako sendotasunak erasoan lasaiago aritzeko aukera eman dio. Gaur egun ez ditu derrigorrez aukera guztiak aprobetxatu behar. Lasaiago jokatzeko aukera dauka.

Athletic sasoian egoteak ez du esan gura Osasuna erraz hartuko duela mendean. Bi taldeen artean ez baitago alde handirik. Xehetasunek eta talde bakoitzak gaur egun bigarren mailakoa izan daitekeen lehiaketan duen interesak erabaki dezakete kanporaketa. Xehetasunak eta aurkariaren merituak kontrolatu eta zaintzea ez da samurra izatean askotan. Nafarroako Erresuman egoten den giroari aurre egitea ere gaitza da. San Mamesen egoten den giroaren antz handia izaten du. Baina zuri-gorriek interes handia dute. Horregatik, Caparrosek beretzat onenak diren futbolariak aukeratu ditu. Ligan erabiltzen dituen berberak aukeratu ditu Koparako. Orbaiz ere tartean dago. Espanyolen aurka kolpe gogorra hartu zuen peronean eta orkatilan, baina ez dauka ezer apurtuta, eta nahikoa izan ditu hiru egun osatzeko. Gaizka Toquero ere zerrendan dago.

Fran Yeste da falta den bakarra. Azken partidan Espanyolen aurka hasieratik jokatu zuten jokalarietatik Iruñera bidaiatuko ez duen bakarra da. «Erabaki teknikoa» dela adierazi zuen atzo entrenatzaile espainiarrak. Baina jarraitzaileek gogoan dute Espanyolen kontrako partidan aldatu zutenean jokalariak agertu zuen haserrea. Caparrosek ere bai?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.