Kopenhage edo Rubin Kazan. Txapeldunen Ligako ligaxkako azken jardunaldiak ez dauka askoz sekretu gehiago gordeta. Ez, behintzat, A, B, C eta D multzoetan. Lau multzo horietako azken partidak jokatuko dira gaur, baina zortzi txarteletatik zazpi izen eta guzti ageri dira dagoeneko. Tottenham, Inter Milan, Schalke 04, Olympique Lyon, Manchester United, Valentzia eta Bartzelona sailkatuta daude. D multzoan dago zalantza. Une honetan zazpi punturekin dago Kopenhage, eta seirekin Rubin Kazan. Danimarkarrek dena alde daukate, galduta ere sailka daitezkeelako Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako. Eta Danimarkako talde batek inoiz ez du lortu balentria hori.
Kopenhagek Panathinaikos azken sailkatuaren aurka jokatuko du etxean, eta Rubin Kazanek Bartzelona liderraren zelaian. Egia da errusiarrek inoiz ez dutela galdu kataluniarren aurka. Hiru partida jokatu dituzte elkarren aurka; horietako bat irabazi egin dute-aurreko sasoian, Bartzelonan, 1-2-, eta beste biak berdindu. Eta egia da Pep Guardiolak atseden emango diela Xaviri, Villari, Pedrori, Alvesi eta Keitari. Baina, diruaz gain, ohorea eta gaur egungo munduko talderik onena dela berriro erakusteko aukera edukiko du jokoan gaur Bartzelonak.
Rubin Kazanek galduko balu, egiten duena egiten duela ere final-zortzirenetan legoke Kopenhage; berdinduz gero, danimarkarrek ere berdindu egin beharko lukete gutxienez bigarren postuari eusteko; eta, errusiarrek irabaziz gero, danimarkarrek ere irabazi egin beharko lukete. Bi taldeek berdinduz gero, Rubin Kazan sailkatuko da.
Gainerako hiru multzoetan lehen postua egongo da jokoan. Manchester Unitedek dauka lanik samurrena, berdintzea nahikoa baitu lehen postu hori ziurtatzeko. Begiratu batean, Manchester United-Valentzia partida hori da jardunaldiko interesgarriena. Hamahiru puntu dauzkate ingelesek, eta hamar valentziarrek. Lan zaila dauka Valentziak, lehen jardunaldian Manchester Unitedek 0-1 irabazi zuelako Valentzian, eta ingelesek ligaxka honetan oraindik ez dutelako gol bakar bat ere jaso. Valentziak irabazi beharra dauka lehen postua lortu ahal izateko. Baina historiari begiratuta, Valentziak inoiz ez du irabazi Old Trafforden. Bi partida berdindu egin ditu, eta bestea, galdu.
A multzoan, Tottenhamek Twenteren etxean jokatuko du ligaxkako azken partida. Herbehereetako taldea hirugarren sailkatuko da, egiten duena egiten duela ere, eta, beraz, pentsatzekoa da Tottenhamek garaipen gose handiagoa edukiko duela. Werder Bremen-Inter Milan da multzoko beste partida. Italiarrak emaitza krisian sartuta daude, eta, ziurrenik, ostiraleko kluben arteko Munduko Txapelketako finalerdia edukiko dute buruan. Hamarna punturekin daude Tottenham eta Inter Milen A multzoan, eta badirudi ingelesak lehen postu horri eusteko gai izango direla etxetik kanpo.
Schalke 04k, berriz, Olympique Lyonen emaitza berdindu beharko du B multzoan lehen postuari eusteko.
Kopenhage da zortzigarrena
Txapeldunen Ligako ligaxkako azken lehiak jokatuko dira gaur lau multzotan, eta txartel bat soilik dago jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu