Eibar honek beste mugarri bat jarri zuen atzo denboraldi honetan. Partida irabaztea ez da albistea, atzokoa zazpigarren garaipena duelako. Horrek ez du inor harritu behar. Nabarmentzekoa da nolako partida irabazi zuen: lotua eta estua. Oso-oso taktikoa. Taldeak nortasuna duela jakina zen, eta atzo pazientzia ere gehitu behar izan zion. Izan ere, Getafek aurrez iragarrita zegoen partida mota egin zuen. Eibarri eman zion baloiaren jabetza, itxi zizkion armaginen jokoan funtsezkoak diren hegalak, eta etxeko taldea kontraeraso batean harrapatzeko plana idatzita ekarri zuen beraien entrenatzaile berriak, Quique Sanchez Floresek.
Baina Gaizka Garitanok ere badaki arbela erabiltzen. Xehetasunik txikienera ere lotu zalea da, eta lotu behar horretan ondo lantzen ditu geldikako jokaldiak. Partida lotua zihoan, ez zuen ematen gol askokoa izango zenik, eta bazirudien gola lehendabizi sartzen zuenak jasoko zuela uzta potoloa. Hain taktikoa eta lotua izaki partida, sekulako garrantzia hartu zuten geldikako jokaldiek. Hala izaten da era horretako partidetan, eta atzokoa ez zen salbuespena izan. 30. minutuan, falta argia egin zion Pedro Leonek Saul Berjoni, area handiko marra luzeena hasten den tokitik gertu. Pare bat metro baino ez areara. Dani Garciak dotore altxatu zuen baloia hesiaren gainetik, eta bere parera azaldu zen Manuk bizkarrez jaso zuen pasea. Buelta azkar eman, eta baloiak lurra jo baino lehen astindu bortitza eman zion. Gol bikaina. Garitanoren estrategia zorrotzaren adierazlea. Izan ere, aurreko denboraldian, Coruñan, jokaldi bera egin zuen taldeak, eta Jota Peleteirok gola sartu.
Arbelaren garrantzia neurtzeko borroka horretan, Getafek izan zituen aurretik lauzpabost aukera halako faltetan. Pedro Leon sakatzaile aparta da, baina atzo ez zuen egunik onena izan, eta gaitz erdi, min handia egiten duelako.
Golak ilunpetik argira atera zuen Eibar. Getaferen sarea nola zulatu asmatu ezinda zebilen taldea, eta golak beste esparru batera eraman zuen partida. Lanik zailena eginda zeukan Eibarrek. Lehen zatia amaitu arteko minutuek agerian utzi zuten beste egoera bat: Getafe arriskua erraz sortzeko gai zela Eibarren areatik gertu azalduz gero.
Getaferen golarekin, estu
Atsedenalditik bueltan, jokoan hasi eta ia berehala, Eibarrek kolpe erabakigarria eman zion Getaferi. Ander Capak bigarren gola sartu zuen area barruan zehaztasunez aritu eta gero. Sei minutu baino ez ziren pasa baloia jokoan jarri zenetik. Hortik aurrera, Getafe egin zen baloiaren jabe, baina etxekoek arazorik gabe eutsi zioten aldeari, Diego Castroren gola jaso arte. Etxeko hirugarren garaipenak 26. puntua ekarri dio Eibarri.
Golak. 1-0: Manuk (30. min.). 2-0: Ander Capak (51. min.). 2-1: Diego Castrok (79. min.).
Epailea. Clos Gomez. Txartel horiak: Eibarreko Boveda eta Ander Capari; eta Getafeko Juan Rodriguez.
Bestelakoak. 4.115 ikusle Ipuruako zelaian.