Mendi lasterketa

Korrikalari txekiar bat hil da Mont Blanceko Ultratraileko TDS lasterketan, amilduta

Ezbeharra gauerdian gertatu da, Passeur de Pralognaneko jaitsieran. Ondorioz, lasterketa gelditu behar izan dute.

jarraia202349.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko abuztuaren 25a
15:08
Entzun

Txekiar Errepublikako korrikalari bat hil da Mont Blanceko Ultratraileko TDS lasterketan, Passeur de Pralognaneko jaitsieran, lasterketako 62. kilometroan, ibilbideko gunerik arriskutsuenean, menditik amilduta. Gauerdian gertatu da ezbeharra, 00:25ean, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Argitaratu duten komunikatu ofizialaren arabera, istripua jazo orduko, erreskate taldeak berehala ekin dio bilaketa lanari, helikopteroz, eta nahiz eta azkar esku hartu duten, gaur goizean antolatzaileek prentsaurreko baten bidez baieztatu dute korrikalaria hil egin dela.

Gertatutako ezbeharragatik, Pralognanen zeuden korrikalariek lasterketa batzordearen agindua jaso dute buelta eman eta berriz Bourg Saint-Mauricera jaisteko. Pralognan igaro duten beste 350 parte hartzaileek aurrera jarraitu ahal izan dute. Oraingoz, 260 baino ez dira falta helmugara iristeko.

Passeur de Pralognan TDS lasterketako gunerik arriskutsu eta teknikoetako bat da. Toki horretan, korrikalariek soka batzuei heldu behar diete jaitsiera egin ahal izateko, eta zailtasun horri baldintza klimatiko txarrak, elurra eta gauaren iluntasuna gehitu behar zaizkio. Mont Blanceko Ultratraileko TDS lasterketak 145 kilometro eta 9.100 metroko desnibel positiboa du, eta lasterkariek 44 orduko muga dute bukatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.