Kostata, baina iritsi da

Josu Urrutia presidente aukeratu eta ia aste bat pasa ondoren iritsi da Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaile berria Bilbora2.000 zale hurbildu dira Lezamara argentinarraren lehen saioa ikusteko

Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzailea, Lezamako zelaira salto egin zuen gaztetxo batekin, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKIPRESS.
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Marcelo Bielsa Euskal Herrian dago jada. Atzo goizean iritsi zen Bilbora Athleticeko entrenatzaile berria. Gaur astebete atzera jakin zen presidentea nor izango zen, baita entrenatzailea ere. Hala ere, argentinarrak arazoak izan ditu hegaldiekin, eta atzo arte ezin izan zuen Bilbora etorri.

Iritsi bezain laster, bere ezizenaren (Eroa) zergatia erakutsi zuen, Loiutik Lezamara joan baitzen zuzenean. Horrela, bere lehen entrenamendua egin zuen, nahiz eta Luis Maria Bonini prestatzaile fisikoaren aginduetara aritu ziren jokalariak. Entrenamenduaz gain, Lezamako instalazioak ikusi zituen, Josu Urrutia presidentearekin batera. Txunditurik geratu zen. «Behar baino baliabide gehiago daude bertan», esan zuen argentinarrak.

Bilbon sortu duen ikusmira hain da handia, atzokoan ia bi mila zale gerturatu ziren Lezamara argentinarraren lehen entrenamendua ikusteko asmoz. Hori ikusita, izan duen etorrerarengatik eskerrak eman zituen, eta duen erronkarako prest dagoela aipatu zuen argentinarrak.

Entrenamenduaren ostean izan zen bere aurkezpen ofiziala. Lehenik eta behin, Urrutiaren eskaintza onartzera zerk animatu zuen azaldu zuen. «Newells Old Boys Argentinako taldea entrenatzen nuenean [1990-1991ko eta 1991-1992ko denboraldietan], Athleticekin nolabaiteko antzekotasuna zuela nabaritu nuen. Talde bietako jokalariak etxekoak ziren, eta hortik aurrera talde honi buruz informatzen hasi nintzen. Gainera, hainbat lagun ditut Athleticen zale direnak, eta haien pasioak ere erakarri nau». Beraz, Urrutiak eskaintza egin zionean ez zuen zalantzarik izan, ezta beste talde baten eskaintza jasotzean ere. Milango Interren eskaintza jaso zuela onartu eta ezezkoa zergatik eman zion azaldu zuen. «Urrutiarekin hitzezko konpromisoa nuen, eta horregatik ez nuen beste taldeekin hitz egin; Interrekin ere ez».

Bere gain izango dituen jokalarien kontura ere hitz egin zuen. 25 jokalarira gutxitu nahi du lehen taldea, eta hura osatzeko beheko taldeetatik igoko ditu lauzpabost jokalari. Beraz, denboraldi-aurre honetan hamar jokalari baztertu beharko ditu, gaurko entrenamenduan 35 izan baititu bere aginduetara. Atzo ikusi zuenarekin gustura geratu zen. «Gustatzen zaizkit dauden jokalariak, adin ezberdinetako jendea, esperientziadunak, gazteak... hau da, ezaugarri ezberdineko jokalariak nahasturik ikustea. Jokalariak ezagutzen ditut, eta badut denbora nahikoa nire helburuak bete ahal izateko, ez dago aitzakiarik», aitortu zuen lehen prentsaurrekoan. Munduko bi txapeldun bere aginduetara izatea «ohorea» izango dela aitortu zuen.

Jokatzeko estiloari dagokionez, Bielsak argi esan zuen berak nahiago duela «protagonismoa» izatea. Bere estiloa baloia izatean eta arerioaren zelaian jokatzean datza. Hala ere, zehaztapen bat egin zuen: «Teorian protagonismoa izateko asmoa dugu; halere, futbolean zaila da teoria praktikan jartzea, arerioek ere jokatzen baitute».

Lehen entrenamenduan jadanik zer esatekorik ere eman zuen argentinarrak. Izan ere, entrenamenduaren ostean, haur bat hurbildu zitzaion sinadura baten eske, eta berak haurra hartu, eta, Gabriel Aravena entrenatzaile laguntzailearekin batera, zelaian zehar buelta bat eman zuen, bertaratutako zaleei agurtuz.

25 jokalarirekin, Olivara

Argentinatik Bilbora eraman duen maleta desegiteko astirik ere ez zuen izan, arratsaldeko entrenamenduaren ostean Olivara (Herrialde Katalanak) joan baitziren astebeteko egonaldia egitera. Han egongo dira uztailaren 21 arte. Egonaldira 25 jokalari eraman ditu; lehen taldeko 21, eta azpiko taldeetako lau: Kepa Arrizabalaga, Enric Saborit, Iñigo Ruiz de Galarreta eta Guillermo Fernandez. Harritzekoa da joan ez direnen artean daudela Koikili Lertxundi, Mikel Balenziaga, Iñigo Diaz de Zerio, Urko Vera, Ion Velez, Iñigo Perez, Galder Cerrajeria eta Aitor Fernandez. Ez dira ere joango Javi Martinez eta Iker Muniain, atseden egun gehiago izango dituztelako. 25 jokalariez gain, beste 24 lagunek osatuko dute espedizioa; horien artean, klubeko presidente berria.

Jokalariak zuzenean ikusi nahi ditu entrenatzaile argentinarrak, eta horretarako egokiena partidak jokatzea da. Hala, igande honetan bertan denboraldi-aurreko lehen partida jokatuko dute, Alziran, 20:00etan, etxeko taldearen aurka. Aurkaria Hirugarren Mailako taldea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.