«Athletic jokatzen ikusten dudanean badakit nork entrenatzen duen, Murtziarekin gauza bera gertatzen zait, eta Betis ikusten dudanean ere badakit nork entrenatzen duen. Gure taldearekin ez da gauza bera gertatzen, ordea. Hamaika jardunaldi igaro dira, eta entrenatzailearen lana ez da inondik nabaritzen», esan du aste honetan Recreativoko kirol zuzendariak, Michael Dumoisek. Argi dago, hori esanda, Victor Muñoz entrenatzaileari ez dizkiola gauzak batere erraztu. Polemika egundokoa izan da Huelvan, eta Muñoz Osasunaren aurkako partidara ez zela iritsiko esaten zuenik ere bazen. Halere, gaur arratsaldeko lehian Recreativoren aulkian eseriko da, nafarrak mendean hartzen ez baditu bere azken partida izan daitekeela baldin badaki ere.
Giro nahasia dute Huelvan, beraz. Azken sei partidetan golik sartu ez dutenez, taldea jaitsiera postuetan sartu da, eta krisi hotsak ozen entzuten dira Espainiako Ligako klubik zaharrenean. Osasunak ezin da deskuidatu, halere. Huelvako taldeak baino hiru puntu gehiago besterik ez ditu, eta krisi hotsak Iruñeraino heda daitezke, gaur taldeak punturik batzen ez badu.
Iragan sasoian futbolean gozatu ederrak hartu ostean, sasoi honetan nahi baino gehiago ari zaie kostatzen bidea aurkitzea Recreativori eta Osasunari. UEFA erakusleiho ederra izan zen Osasunako jokalarientzat, eta ohi baino aldaketa gehiago egitera behartuta izan da Iruñeko kluba denboraldi honetan, jokalari askok beste talde batzuen eskaintzak onartzea erabaki zutelako. Recreativok Marcelino Garcia entrenatzailearen aginduetara egindako denboraldia ere ez zen makala izan, ordea. UEFAko postuetatik oso gertu ibili zen Recreativo sasoi osoan, talde igo berria bazen ere. Marcelinok alde egin du, ordea, eta aurrealdean Sinama Pongollerekin aurrelari bikote bizia eta arriskutsua osatzen zuen Ikechukwu Uche nigeriarra ere ez dago dagoeneko Huelvan. Santi Cazorla Vila-realera itzuli da denboraldi ikusgarria egin ostean, eta Lopez Vallejo atezain nafarra ere faltan botatzen dute andaluziarrek. Osasunaren kasuan bezalaxe, jokalari berriek ez dute oraindik alde egin zutenak ahaztea lortu.
Gaur arratsaldeko lehian bidea aurkitu, eta iragan sasoikoa errepikatzeko lanean hasi nahi dute bi taldeek. Ez da erraza izango, baina denbora asko geratzen da oraindik sasoi amaiera bitartean. Lehenbailehen suspertu beharra dago, ordea. Bestela jai dute.
«Gu ere ez gaude ezeren soberan, oraindik aldeak txikiak dira sailkapenean, eta emaitza on pare batekin gora begira jar gaitezke, baina une honetan atzean geratu gara, eta eman dezakeguna baino gutxiago eman dugu denok, nire ustez. Recreativo ez da Liga osoa golik egin gabe egongo, bainagure kontra golak egiten has daitezen saihestu behar dugu», esan zuen Jose Angel Zigandak atzo. Ez zaio arrazoirik falta Larraintzarko entrenatzaileari. Osasunak ez du Lehen Mailan Recreativo inoiz menderatu, baina Huelvakoen gol lehortea eta joko krisia aintzat hartuta, Huelvara bisita egiteko unerik aproposena dela eman nahi zioten aditzera kazetariek Osasunako entrenatzaileari, baina Zigandak zuhur erantzun zuen badaezpada. Recreativok baino partida bat gutxiago jokatu du Osasunak (Sevillaren aurkako partida atzeratu egin behar izan zuten gorritxoek, Antonio Puertaren heriotzaren ondorioz, eta abenduaren 5ean jokatuko dute Nafarroako Erresuman), baina Recreativo krisian baldin badago, gorritxoak krisiaren atarian egon daitezke.
LAU ALDAKETA. Krisia saihesten ahalegintzeko, lau aldaketa egingo ditu Zigandak hasierako hamaikakoan. Aldaketa horietatik hiru behartutakoak dira. Getaferen aurkako partidan orkatila bihurritu zuen Javier Flañok, bere anaia Miguelek denboraldiko bosgarren txartel horia ikusi zuen, eta Cesar Krutxaga kapitaina egotzi egin zuen epaileak txartel gorri batekin. Ondorioz, jokatu ezinda dira hirurak, eta atzealdea ia goitik behera aldatu beharko du Zigandak: Monrealek soilik jarraitzen du, eta Izquierdo, Javi Garcia eta Josetxo dira beste hiru hutsuneak betetzeko aukeratutako gizonak. Halere, behartutakoa ez den beste aldaketa bat ere izango da, Jaroslav Plasil txekiarrak Carlos Vela mexikarra ordezkatuko baitu erasoko ezker hegalean. Deialdiko aldaketa nagusia Ion Etxaide atzelari gaztea izan da, nolanahi ere. Lesio eta zigorren erruz lehen taldeak atzealdearen erdialdean dituen arazoak tarteko direla, bigarren taldeko jokalari gazteak lehendabiziko aldiz nagusiekin bidaiatzeko aukera izan du. Partida hasieran ordezkoen aulkian geratuko da, ordea.
«Partidaren hasiera kontrolatuz gero, Sevillan Betisen zelaian jokatutako partidaren antzekoa izan daiteke Huelvakoa. Horretarako sendo zelairatu behar dugu, ordea. Baloiaren jabetzak gurea izan behar du, eta hasiera-hasieratik aurkariaren bila zelairatzea oso garrantzitsua izango da», adierazi zuen atzo Osasunako entrenatzaileak. Hala izan bedi.
Krisiak Huelvan jarrai dezala
Krisi hotsak ozen entzuten dira Huelvan, baina haiek Osasuna mendean hartuz gero krisia Iruñera iritsiko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu