Txukun hasi dute denboraldia gipuzkoarrek. Gijonen lortutako lehen garaipenak bultzada handia eman zien ondorengo neurketetarako, eta euren eginahaletan sinetsiz zelairatuko dira gaur eguerdian Iberostar estadiora. Behin eta berriz nabarmendu zuen atzo Zubietan Montanierrek, zuhur, lau jardunaldi baino ez direnez igaro ezinezkoa zaiola taldearen erradiografia zehatza osatzea. Zuzen dabil. Gutxiegi jokatu baita ondorio sakonez hitz egiten hasteko. Funtsik gabekoa litzateke, nahiz ñabardurek ere zentzua izan baduten negozio honetan. Esaterako, Raynald Denouixen gidaritzapean txapeldunorde izan zirenean 13 puntu bildu zituzten lehen bost norgehiagoketan. Kopuru harrigarria. Bada, Mallorca mendean hartuko balu, hamarrekin jarriko lirateke sailkapen nagusian. Beste era batera esanda, sasoi ahaztezin hartatik Realak egin duen hasierarik indartsuena litzateke. Bidearen laurdena egina lukete. Kontuan hartzeko modukoa, inondik ere.
Neurketari begira Xabi Prieto, Carlos Martinez eta Demidov berreskuratu ditu entrenatzaileak. Horiek izan ziren deialdiko hiru berritasunak. Lehena hamaikakoan izango da ziur, eskuin hegalean. Horrek aldaketak ekarriko ditu erasoko lerroa egituratzerakoan beste behin. Montanierrek ez ditu goiko hirurak errepikatu oraingoz, eta badirudi bide horretatik jarraituko duela. Ondorioz, Agirretxek erdirako bidea hartuko du itxuraz. Ifranen aukera ere ezin liteke gutxietsi. Sevillan hasieratik jokatu zuen, eta baliteke gaur ere beste hainbeste gertatzea. Griezmann edo Velaren parte hartzea, gorputzaldi onenetik urrun egon arren, ziurtzat jo daiteke. Mugimendu gehiago ere izango da. Atzetik hasita, Carlos Martinez eta Demidovek hamaikakoan behar lukete Mikel Gonzalez eta Estradaren baimenarekin. Eta, zelai erdian azkenik, Zurutuzak osatuko du euskarri hirukoitza Mariga eta Illarramendirekin batera. Ansotegi, Pardo eta Sarpong gelditu ziren zerrendatik at.
Bazterrak nahastuta topatuko zituen Realak Mallorcan lurreratzean. Ez delako giro. Michael Laudrup eta Llorenç Serra Ferrer, entrenatzailea eta presidentea, elkarri mokoka dabiltza aspaldian. Haserretuegi gauza onerako. Taldearen gabezia kezkagarrienetarikoa ate aurreko eraginkortasun eskasa izanik, aurrelariak eskatu zizkion daniarrak agintari nagusiari. Bakarra iritsi da, ordea. Tomer Hamed israeldarra, Maccabi Haifa taldetik. Bigarren batek, Marvin Ogunjimy belgikarrak —Valentziaren kontra jokatu du berriki Txapeldunen Ligan Genkekin— hanka egin behar izan zuen, epez kanpo hartu ziotelako izena. Neguko azokan fitxatuko dute azkenean.
Hori gutxi ez, eta De Guzman erdilaria, funtsezkoa Laudrupentzat, saldu egin zioten Vila-reali azken momentuan. Liga hastear zegoenan. Palmakoen orain arteko gol bakarra hark sartu zuen lehen jardunaldian, Espanyolen kontra. Ondorengo hirurak galdu egin dituzte segidan Betis, Malaga eta Vila-realekin. Horregatik aipatu dira inguru horietan krisi edota hordago tankerako hitz gogor eta urduriak txuri-urdinen etorreraren aurrean. Ez hainbeste itxura edo emaitzengatik. Hautsitako harremanengatik baizik. Zauria gaiztotzea da Realaren betebeharra.
Krisialdia areagotzera
Reala, Xabi Prietorekin, emaitza bolada onari eusten ahaleginduko da Mallorca aztoratuaren zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu