Floridako Unibertsitatean entrenatzen du (AEB). Han ikasle zenean dominaz eta tituluz bete zituen igerilekuko paretak. Han egiten du lan, halaber, bere aita Stevek, igeri taldeko entrenatzailea baita. Ryan Lochte (New York, AEB, 1984) autoz joaten da egunero, eta unibertsitateak erdian duen zingirako krokodiloak ikusten ditu. Unibertsitateko kirol talde guztiek ezizen hori dute, 'krokodiloak'.«Hor eguzkia hartzen ikusten ditudan bakoitzean, jauzi egin eta eurekin borrokan hasteko gogoa izaten dut», onartu zuen behin. Egingo balu, ikusteko legoke zeinek irabaziko zukeen, igerilariaren giharreria erabat aldatu baita azken bi urteetan.
Lanari esker lortu du loria Lochtek, eta Michael Phelps bere aurkari hurkoari esker. Shanghain (Txina) jokatu berri diren Munduko Txapelketetan sei domina irabazi ditu, tartean bost urrezko, eta bera izan da izar nagusia. Ezagun egin bada, baina, Phelps bi aldiz garaitu duelako izan da, eta plastikozko bainujantziak debekatu zituztenetik lehen munduko marka hobetzeagatik. Orain, Londres du begiz jota, eta estiloetako probetan berriz ere herrikidea baino bizkorragoa izatea.
Shanghain lehiatu aurretik aski ezaguna zen Lochte, eta palmares bikaina zuen. Atenasko Olinpiar Jokoetan sei domina irabazi zituen, tartean urrezko hiru. Hala ere, duela bi urte lan fisiko plangintza oso gogor bati ekin zion Geg Troy bere entrenatzailearen esanetara. Youtube.com-eko bideo ezagun batean argi ikus daiteke. Zergatik baina halako prestaketa aldaketa? Phelps pasatzeko. Lagun mina du, baina bere aurkari zuzena da eta lanean jarraitzeko eztena.
Beste edozein garaitan jaio izan balitz Lochte hasieratik izango zen dominatzailea, baina Phelpsekin topo egiteak, eta mitoak Atenasen irabazi zituen urrezko zortzi dominek, bigarren maila batera bultzatu zuten. «Phelpsekin alderatuta bi desberdintasun ditu», azaldu du Troyk, «izpiritu libreagoa du, eta ez du haren beso luzerarik». Izan ere genetika ez zen Phelpsekin bezain eskuzabala izan Lochterekin. Phelpsek 1,93 metro neurtzen ditu, Lochtek, aldiz, 1,86. Phelpsek besoak zabaltzen baditu esku punta batetik bestera bi metrotik gora ditu, Lochtek, berriz, 1,87 metro. Alegia, palanka txikiagoa da, eta beraz, beso kolpe bakoitzarekin metro gutxiago egiteko ahalmena.
Muga fisikoari aurre egiteko bidea aurkitu zuen Troyk: potentzia. Lochte espezialista da bizkar estiloan, baina estiloetako proban hobetu nahi zuen. Horretarako igeriketako bi kontzeptu hobetu behar zituela ikusi zuen entrenatzaileak: giharreria indartu beso kolpe gehiago eta indartsuagoak emateko; eta ur azpiko igeriketa landu ahalik eta tarte handiena egiteko urpean.
Azken horretarako pisuak gerrian lotuta 50 metroko igerileku osoa ur azpitik gurutzatzen du. Makina bat saio, urpekari bikain bihurtu arte. Urpeko tarte horietan abantaila lor zezakeen, eta hori da egun Lochteren bertuterik handiena, hanketan duen indarra. Shanghaiko estiloetako 200 metroko finalean, 100 metroetako eta 150 metroetako norabide aldaketetan hamar metro egin zituen ur azpian. Desplazamendua gogorragoa da hankentzat, baina bizkorragoa. Phelps uretara irten zenean Lochtek ur azpian jarraitzen zuen. Ur azpian besoek atseden hartzen dute, era berean.
Ur azpian tarte handiagoa egin arren, Lochtek Phelpsek baino zortzi beso kolpe gehiago eman behar izan zituen zituen azken bi luzeetan. Aurkariarenak baino motzagoak, baina biziagoak era berean. Bere entrenatzaileak traktore errobera erraldoi bat altxatzera behartzen zuen besoak indartzeko eta hogei kiloko soka batekin tximeleta estiloko mugimenduak imitatzera.
«Orain askoz indartsuagoa naiz eta zuhurragoa. Gauza berri asko egiten ditut entrenamenduetan, eta besteak beste garbiago jan», azaldu zuen podiumetik jaitsi zenean. Janarenak badu garrantzia, 2008ko Olinpiar Jokoetan hanburgesa betekada bat izan baitzuen. Shanghain ikusi da Krokodiloaren igeriketa aldatu egin dela. Ez da 2004an bezain dotore eta luzea, baina bai esplosiboagoa, eta eraginkorragoa.
Bi lagunen artekoa Londresko Olinpiar Jokoetan ikusmin gehien piztuko duen duelutako bat izango da, eta Phelps sasoi hobean iritsiko da. Izan ere, Lochtek bere prestaketa gogortu duen bitartean, Phelpsek garai batean baino arinagoa egin du. 2008an astean 80 kilometro igeri egitetik 30 bakarrik igeri egitera igo baita. Eta hala ere sei domina irabazi ditu, horietatik lau, urrezkoak. Gainera, aurreratu duenez, litekeena da 2012an hartzea erretiroa.
Krokodiloaren giharrak
Ryan Lochtek bi urteko lan fisikoko plangintza gogor bati esker hobetu du bere maila. Haren igeriketa ez da hain dotorea, baina askoz azkarragoa da, Michael Phelpsena atzean uzterainokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu