9,6 kilometroko kronoigoerarekin amaituko da Paris-Niza, Nizatik Col d'Ezera bidean, etzi, eta faboritoetako hiruk etapa hori prestatzeko baliatu zuten atzoko etapa, itzuliko gogorrena, Onet le Chateaun hasi eta Mende lehen mailako mendatean amaitu zena. Sei gain zeuzkaten tartean txirrindulariek, lehen mailakoak horietako hiru. Richie Portek eta Rigoberto Uranek (Sky) erritmo gogor-gogorra jarri zuten azken aldapa motz baina gogorrean, eta Bradley Wiggins liderrak berak (Sky) jo zuen erasoa gero. Hausteko indarrik gabe, bata bestearen atzean makurtuta jarri, garapena mugitu, eta bake giroan egin zituzten azken metroak Wigginsek, Levi Leipheimerrek (Omega Pharma) eta Alejandro Valverdek (Movistar).
Ezuste ikaragarririk ezean, hiru horiek dira Paris-Niza irabazteko faborito argiak. Baina horien artean ezkutuan dabiltza beste bi txirrindulari ere. Simon Spilak (Katuxa) da horietako bat. Tropeleko hiru munstro horiekin helmugaratu zen esloveniarra, eta Wigginsengandik 37 segundora dago sailkapen nagusian; urrutiegi, handiren bat egin dezakeela sinesteko. Baina faboritoetako askori aurrea hartuta dabil.
Eta ezkutuan, isil-isilik, Lieuwe Westrak (Vacansoleil) astindu zituen denak atzo, azken 500 metroetan erritmo aldaketa bortitza eginda. Bigarren jarri da herbeheretarra, britainiarrarengandik sei segundora, eta atzo aldaparik gogorrenean erakutsitako potentziarekin, kontuan hartzeko moduko aurkaria izango da etzi.
Azken igoera motz baina gogorraren aurretik, ohiko bilakaera izan zuen etapak. Simon Clarke (Greenedge), Frederik Veuchelen (Vacansoleil), Yukiya Arashiro (Europcar) eta David Le Lay (Saur Sojasun) sartu ziren ihesaldian, eta zazpi minututik gorako aldea izan zuten arren, Movistar, Sky eta BMCren mende egon ziren une oro. Asteartean erori eta kolpe gogorra hartuta, gorriak ikusi zituen atzo Mikel Astarlozak (Euskaltel-Euskadi), eta onenen erritmoari eutsi ezinik ibili zen. Eta Igor Antonek (Euskaltel-Euskadi) oraindik ere puntutxo bat falta duela erakutsi zuen gero Menden.
Seigarren etapa jokatuko da gaur, Suze la Rousse eta Sisteron artean. Oso gorabeheratsua, bost mendate etzan baitaude tartean.
Kronoigoerarako entrenamendua
Lieuwe Westrak irabazi du Paris-Nizako bosgarrena, Menden, faboritoen arteko kontrola baliatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu