Kutxa bakarrarekin, nekez

Etxetik kanpoko puntuek duten garrantzia kontuan hartuta jokatu behar du Realak

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Sergio Leoneren western famatuenetako pertsonaia batek hala zioen: «Kutxa gotor bat izateak ez du esan nahi derrigorrean dirua barruan dagoenik». Realarentzat, Anoeta da kutxa gotorra. Badaki bertan sendo azaltzen baldin bada askoz ere gertuago izango duela bere helburua, mailari eustea. Logika badu pentsamendu horrek, talde apalentzat ezinbestekoa baita etxean, zaleen babesarekin, emaitza onak lortzea. Baina taldeak ezin du ahaztu dirua, salbazioa, ez dagoela kutxa bakarrean, bitan baizik: etxeko partidetan, baina baita kanpokoetan ere. Azken horiei behar bezala aurre ez egitea arrisku handia da, eta Anoetan behar baino presio handiagoarekin aritu behar izatea ere ekar lezake.

Oraingoz, taldea eskas aritu da etxetik at. Lau partidetan puntu bakarra bildu du, eta gol gehien jaso duena da: bederatzi. Joera hori aurreko sasoitik dator, ia itzuli erdi osoa eman baitzuen irabazi gabe, Cadizen aurka funtsezko garaipena lortu arte. Inoizko hasierarik txarrenetakoa ere bada, Bigarren Mailara jaitsi zen sasoikoa baino okerragoa, besteak beste. Orduan lehen lau partidetan bi puntu batu zituen, orain baino bat gehiago. Athletic eta Mallorcaren zelaietan berdindu eta Deportivo eta Real Madrilen aurka galdu zuen. Esan behar da etxeko lehen hiru partidak ere nabarmen galdu zituela, Zaragoza, Recreativo eta Sevillaren aurka. Orain, aldiz, askoz ere indartsuago dabil Anoetan. Oraingoz.

Estatistikak argi uzten du kanpoan ere ondo aritzeak duen garrantzia. Azken hamar sasoietan jaitsi diren 30 taldeetatik hemezortzi etxetik kanpo okerren aritu diren hiruren artean daude. Joera hori oso agerikoa izan zen 2007-2008ko sasoian, jaitsi ziren hirurak, Zaragoza, Murtzia eta Levante, txarrenak izan baitziren etxetik at. Gauza bera gertatu zen 2002-2003an, Rayo, Alaves eta Recreativo tartean zeudela. Igo berria da Reala, eta halakoetan normala izaten da jomuga etxean jartzea, eta kanpoan zailtasun gehiago izatea. Azken hamar urteetatik bostetan, igotako taldeak izan ziren etxetik at emaitza eskasenak izan zituztenak: Murtzia 2003-2004an, Numantzia 2004-2005ean, Gimnastic 2006-2007an, Numantzia berriro 2008-2009an eta Tenerife iragan sasoian.

Nolanahi ere, txuri-urdinek ezin dute aitzakia hori erabili, ia urtero egoten direlako kanpoan oso txukun aritzen diren taldeak ere. Azken hamar denboraldietan, zortzi igo berrik lortu dituzte 20 puntu edo gehiago etxetik kanpo: Malaga (24), Almeria (20), Recreativo (23), Celta (25), Zaragoza (20), Sevilla (26), Betis (21) eta Vila-realek (24). Celtak eta Betisek seigarren postua lortu zuten, eta UEFA koparako sailkatu ziren 2005-2006 eta 2001-2002ko denboraldietan.

Oreka lortu beharra

Zerrenda hori erraz luza daiteke, kopuru horietara iritsi gabe, kanpoan mailari eusteko puntu erabakigarriak lortu zituzten igo berriak aintzat hartzen baldin badira, hala nola Sporting duela bi urte (18 puntu), Levante 2006-2007an (17) eta Atletico Madril 2002-2003an (18). Adibide gertuagoak ere badaude. Joseba Llorente aurrelari zuela, Valladolidek azken jardunaldian eutsi zion mailari duela bi urte, neurri handi batean kanpoan lortutako 18 puntuei esker. 2000-2001ean, berriz, Lehen Mailara itzuli berria zen Osasunak kanpoan 16 puntu batuta lortu zuen salbazioa. Horietatik hiru azken jardunaldian, Realari Anoetan 0-1 irabazita.

Suspertu beharra du Realak, orain arteko batez bestekoarekin jarraituz gero bost puntu eskas baino ez lituzkeelako lortuko. Gainera, aurkari zuzenen aurka jokatu izan du orain arte, eta partida zailenak gelditzen zaizkio. Ezin ditu duela urte batzuetako akatsak egin. Izan ere, jaitsierak zerikusi handia izan zuen etxetik kanpo izandako beherakadarekin. XXI. mendeko lehen bost denboraldietan, itxuroso aritu zen Reala Anoetatik urrun: 19, 17, 31, 18 eta 16 puntu erdietsi zituen. Mailari eusteko erabakigarriak izan ziren, baita 2002-2003an Liga irabazteko zorian egoteko ere.

Bigarren txarrena izan zen, ordea, 2005-2006an, hamabi punturekin, baina baita hamargarren onena etxean ere. Horri esker, ozta-ozta eutsi zion mailari, Alavesekiko puntu bakarreko aldeagatik. Hurrengo urtean, berriz, miraria ez zen errepikatu. Bere zelaitik urrun emaitza eskasenak lortu zituen bigarren taldea izan zen beste behin Gimnasticen atzetik, hamahiru punturekin. Eta aurreko denboraldian ez bezala, ezin izan zuen gabezia hori etxean orekatu. Celta, Gimnastic eta Betis bera baino okerrago aritu ziren alor horretan, baina Anoetan lortutako 22 puntuak ez ziren nahikoak izan.

Izan ere, etxean ondo aritzeak ez du ezer ziurtatzen. Froga ugari daude. Iragan sasoian, Tenerifek 30 puntu erdietsi zituen etxean, baina kanpoan sei baino ez zituen lortu, eta jaitsi egin zen. Duela bi urte, berriz, Numantziak patu bera izan zuen: 30 puntu etxean, baina bost besterik ez kanpoan. 2007-2008ko sasoian, Zaragoza zazpigarren onena izan zen etxean, 32 punturekin, baina maila galdu zuen. Racing bera zazpigarren onena izan zen bere zelaian 2000-2001ean 35 puntuko marka apartarekin, baina lau puntu lortu zituen bakarrik kanpoan -mende honetako kopuru txarrena, Murtziarekin berdinduta-.

Kontrako adibideren bat badago; Espanyolek sufritu gabe eutsi zion mailari 2001-2002ko sasoian, kanpoan txarrena izan arren, etxean lortutako 38 puntuei esker. Baina hobe du Realak itxaropen guztiak Anoetan jartzen ez baditu, aipatutako talde gehienak hiru puntu edo tarte txikiagoagatik jaitsi baitziren. Urrearen balioa dute puntu guztiek, eta kanpoko kutxa irekitzeko handinahia erakutsi behar du taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.