TENISA

Kuznetsovak eta Dementievak jokatuko dute emakumeen finala US Openean

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko irailaren 12a
00:00
Entzun
«Errusiarrak iritsi dira», zioen Elena Dementievak, Jenifer Capriati estatubatuarra US Openeko finalerdian mendean hartu ostean. Izan ere, Roland Garrosen gertatu bezala, aurten bi errusiarrek jokatuko dute Flusing Meadowsen emakumeen finala. Errusiarren gorakadak, gainera, estatubatuarren gainbeherarekin egin du bat aurtengo txapelketan, beste finalerdian Svetlana Kuznetsovak Davenporti irabazi baitzion. 1988tik lehenengo aldiz, New Yorkeko zaleek ez dute herrikiderik ikusiko US Openeko finaletan.

Gogorrak izan ziren bi finalerdiak. Kuznetsova gazteak hiru set behar izan zituen Davenporti irabazteko (1-6, 6-2, 6-4). Estatubatuarrak, gainera, distentsioa izan zuen ezker hankan berotzen ari zela, eta denbora eskatu arren ez zen gustura aritu, Kuznetsovak bikain mugitu baitzuen pilota alde batetik bestera. WTAko sailkapeneko lehena izateko aukera ezin izan zuen aprobetxatu Davenportek, Amelie Mauresmo frantziarraren mesede. Hala, bere lehen Grand Slameko finala jokatuko du Kuznetsovak.Orekatua eta emozioz beterikoa izan zen Dementieva eta Capriatiren arteko norgehiagoka ere. Capriati gaizki hasi zen oso, lehen seta 6 eta 0 galduta. Bigarrena, aldiz, erraz irabazi zuen, baina kale egin zuen hirugarrenean berriz ere. Eskuetan izan zuen finalerako txartela, baina ez zuen asmatu bere sakearekin markagailuan 6 eta 5 aurretik zela. Errusiarrak sakea kendu zion eta tie break-ean lortu zuen garaipena, bere kolpe zehatzei esker. Gizonezkoetan, Lleyton Hewitt australiarrak lortu du finalerako lehen txartela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.