Kvitova eta Xarapova sailkatu dira Wimbledoneko finalerako

Txekiarrak Azarenka kanporatu du finalerdietan (6-1, 3-6 eta 6-2), eta errusiarrak Lisicki (6-4 eta 6-3)

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Petra Kvitova txekiarrak eta Maria Xarapova errusiarrak jokatuko dute bihar Wimbledoneko finala. Biak atzo sailkatu ziren, finalerdietan Victoria Azarenka bielorrusiarrari eta Sabine Lisicki alemaniarrari irabazi ondoren.Kvitovak hiru set behar izan zituen Azarenka mendean hartzeko, lehen seta aise irabazi ostean (6-1), bielorrusiarra bigarrenean nagusitu baitzen (3-6). Hirugarrenean, set erabakigarrian, ordea, txekiarrak azkar hautsi zuen aurkariaren sakea, eta bideratuta utzi garaipena. Azkenean, 6-2 irabazi zuen seta. Kvitova, Wimbledoneko zortzigarren zerrendaburua, estreinako aldiz ariko da Grand Slameko final batean. Iaz finalerdietara iritsi zen Londresen, baina Serena Williams estatubatuarrak kanporatu zuen. 21 urte ditu.

Bera baino arerio beteranoagoa izango du aurrean bihar Londresen, ez adinez, baina bai eskarmentuz. Izan ere, 23 urte eskas izanagatik, Xarapovak jada eskarmentu handia du, 16 urterekin hasi baitzen torneoetan lehiatzen. 2004an, adibidez, 17 urte besterik ez zituenean, Wimbledon irabazi zuen, finalean Serena Williams mendean hartuta. Ordutik beste bi Grand Slam eskuratu ditu (2006ko AEBetako Irekia eta 2008ko Australiako Irekia), eta bihar laugarrena lortzen saiatuko da. Sasoiko dago, eta atzo erakutsi zuen Lisickiri nagusitasunez irabazita: 6-4 eta 6-3. Errusiarrak urduri ekin zion lehiari (0-3 hasi zen galtzen), baina suspertu eta erraz antzean nagusitu zen.

Beste finalerdiak, gaur

Gizonezkoen finala, berriz, gaur geratuko da zehaztuta. Rafa Nadal balearra eta Andy Murray eskoziarra ariko dira finalerdi batean, eta Novak Djokovic serbiarra eta Jo-Wilfried Tsonga frantziarra bestean. Ustez, Nadal eta Djokovic dira faboritoak, baina ezin dira fidatu, bai Murray, bai Tsonga oso ondo ari baitira Londresko belar gainean. Eskoziarrak zaleen babesa izango du, eta frantziarrak bidean utzi du Roger Federer suitzarra. Horrez gain, Djokovicek ATPko lehen postua ziurta dezake finalerako sailkatuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.