Txirrindularitza

Kwiatkowskik baretu du munduko txapelduna

Omega Pharmako taldeburua nagusitu da Erromandiako Tourreko aitzin-etapan, besteak beste Tony Martin taldekideari eta erlojupekoko munduko txapeldunari aurre hartuta. Poloniarra jarri da lider.

Michal Kwiatkowski, podiumean. JEAN-CHRISTOPHE BOTT
unai zubeldia
2014ko apirilaren 29a
20:22
Entzun

 

Pausoka-pausoka, erraldoi bihurtzen ari da Michal Kwiatkowski (Omega Pharma). Oso lan ona egin du Ardenetako hirukoan: bosgarren Amstel Gold Racen, eta hirugarren Fleche Wallonen eta Lieja-Bastogne-Liejan. Eta kolpe dotorea eman du Erromandiako Tourreko aitzin-etapan. Bakarkako lanean beti gertatzen den moduan, Tony Martin (Omega Pharma) zen faborito bakarra liderraren maillota janzteko. Baina poloniarrak kendu dio maillot preziatua, 5,5 kilometroko ibilbide lau-lauan taldekideari bost segundo aterata. Rohan Dennisek (Garmin) amaitu du bigarren, Kwiatkowskirengandik lau segundora, eta galera berbera izan dute Marcel Kittelek (Giant-Shimano) eta Giacomo Nizzolok (Trek).

Hamar segundo galdu ditu itzulia irabazteko faborito argiak, Chris Froomek (Sky) —13. postuan—, eta britainiarraren galera berbera izan du Ion Izagirrek (Movistar), lehen euskal herritarrak. Aitzin-etapa irabazteko faboritoen artean zegoen Jonathan Castroviejo ere (Movistar), baina 29. postuan amaitu du bizkaitarrak, irabazlearengandik hamabost segundora. Ascona eta Sion artean, 203 kilometro izango ditu biharko etapak, eta Simplon lehen mailako mendatea (88. km) eta Lens bigarren mailakoa (185,6. km) igo beharko dituzte tartean. Kwiatkowski bera abiatuko da liderraren maillotarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.