CSKA Mosku. Teodosic (11), Siskauskas (7), Khriapa (11), Kirilenko 11), Krstic (18)—hasierako bostekoa—; Vorontsevitx (5), Xved (15), Kaun (2), Gordon (14), Kurbanov, Lavrinovic (4) eta Voronov.
Gescrap Bizkaia. Jackson (7), Vasileiadis (15), Mumbru (14), D'Or Fischer (6), Hervelle (6) —hasierako bostekoa—; Fisher, Mavroeidis (7), Banic (9), Raul Lopez (4), Grimau eta Blums (3).
Markagailua. 27-26, 50-40 (atsedenaldian); 84-51 eta 98-71.
Epaileak. Belosevic, Muhvic eta Christodulu. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 4.625 ikusle Moskuko Universal kirol pabiloian.
Beste kanporaketak. Atzo, Montepaschi Siena 75; Olympiakos 82 (0-1 doaz); gaur, 20:00etan, Panathinaikos-Maccabi (1-0 doaz); eta 20:45ean, Bartzelona-Unics Kazan (1-0 doaz).
Hauxe daukagu, eta ez dauka bueltarik. Labanak gurina nola, halaxe ebaki, txikitu du CSKAk Gescrap. Erraz, eroso, aise, nahierara. Elurra urtzen denean bezala, oharkabean. Parekatuak izan zirelako lehen 15 minutuak, Bizkaiaren pozgarri, baina errusiarren erakustaldia etorri zen hortik aurrera. Handikeriarik gabe, baina tinko, egoskor, atsedenik hartu gabe. Euren saskiari giltzarrapoa jarri eta erasoan eraginkortasun ikaragarria. Oso onak direlako, eta okerrena, aurkariari ahalegin oro alferrikakoa izango dela transmititzen du CSKAk. Munduko defentsa onena eginda ere puntuak lortzeko bideren bat aurkituko dutela nola edo hala.
Izarrak dituztelako, eta saskibaloiko oinarrizko kontzeptuak barneratuta dauzkatelako. Sei-zortzi segundoko erasoak, Teodosicek pentsatu, eta erabaki. Blokeoa eta jarraipena, eta hark bukatu, edo asistentzia on bat saskitik gertu. Puntu ziurrak. Ezin bada, baloia kantxako ertz bietan dauden jokalariei, eta haiek hirukoak jaurti. Horretan ere maisuak dira Moskukoak, baina hori ere ez da ezustekoa. Siskauskas, Kirilenko, Khryapa, Xved, Vorontsevitx... Errusiako onenak azken laurak, Lituaniako onenetakoa lehena. Sartzea normalena, ezta?
Eta bi bide horiek huts egiten dutenean ere, larritasun zantzurik ez. Norbaitek barneraldi bat egin eta jokaldia bukatu edo asistentzia on bat eman. Edo bestela buruz buruko jokaldia egin eta barrura. CSKAk Europako edozein taldetan hasierako bostekoan kantxaratuko liratekeen hamar jokalari handi ditu, eta Bizkaia baino koska pare bat gorago dago gaur-gaurkoz.
Estatistikek ere are gehiago sakontzen dute errusiarrak garaitzea ezinezkoa dela dioen sentsazioa. 122 puntuko balorazioa lortu zuten Moskukoek, eta azken laurdenean erabat lasaituta. 118koa zen balorazioa hirugarren laurdena bukatuta, baina Kazlauskas entrenatzaileak atsedena eman zion hasieratik kantxaratutako bosteko osoari. Ondo merezitako atsedena, markagailua eskandalagarria zelako: 84-51. CSKAk, gizalegez, ez zuen zauria handitu nahi izan, eta Bizkaiak markagailua txukundu ahal izan zuen. 27 puntugatik galdu zuen, eta CSKA 100 puntuko langaren azpitik geratzea lortu zuen. Sari merkea, dena den.
Banan-banan ere, zalantzarako tarterik ez. CSKAn Voronov eta Kurbanov bikoak bakarrik bukatu zuten zenbaki negatiboekin, baina dena erabakita zegoenean kantxaratu ziren. Beste 10 jokalarietan gehienek zenbaki apartak lortu zituzten. Krsticek 23ko balorazioa, Teodosicek 18koa, Kirilenkok 17koa, Xvedek 16koa, Khriapak eta Gordonek 12koa... Gescrapen Mumbru izan zen onena, 17 puntuko balorazioarekin, baina hirugarren laurdena 11 punturekin bukatu zuen. Astindua, begiratzen zaion ispilutik begiratuta ere. CSKAren eraginkortasuna ezin hobeto azaltzen duen datu argigarri bat: etxeko taldeak biko jaurtiketen %73 asmatu zuen. 34 jaurtiketa egin eta 25 saskiratu. Bederatzi hutsegite baino ez 40 minutuan. Ikusgarria!
Pultsu ustela
Fotis Katsikarisek ausardia eskatu zien bere jokalariei, beldurra aldageletan uzteko, eta ugazabaren agindua bete zuten fin-fin. Begiak igurtzi behar izan zituzten Bilboko zaleek, lehen 15 minutuak ikusita. CSKAren arrastoari jarraitzen ari zitzaiolako Gescrap. Haiek hirukoa sartzen zutela? Bizkaiak ere bai. CSKAk kontraeraso azkarra? Ba, Bizkaiak ere bai. Oso itxura ona eman zuen Bizkaiak lehen 15 minutuetan, nahiz eta CSKA 10-3 eta 15-7 aurreratu norgehiagokako lehen hiru minutuetan. Vasileiadisek zazpi puntu saskiratu zituen errenkadan eta bizkaitarrak 15-18 aurreratu, eta hutsartea eskatu behar izan zuen Kazlauskasek.
Beldurtu zen edo ez, ezin jakin. Bizkaiak eraso jokoan CSKAk adina talentu daukala erakutsi nahi izan zuen, oihu egin ozen, «hemen gaude». 27-26 bukatu zen lehen laurdena, eta defentsa lanik ez zen inon ikusten. Puntuak alde batean, puntuak beste aldean. Barra-barra. Noiz arte, baina? CSKAk nahi izan zuen arte, zoritxarrez. Bizkaiak 31-26koa altxa zuelako Blumsen hiruko bati esker (31-31), baita 39-36 hurbildu ere Raul Lopezek beste hiruko on bat saskiratuta.
Orduan, ordea, jolasteko unea bukatu zela erabaki zuen CSKAk, eta partida bukatu zen. Kazlauskasek Jamont Gordon jarri zuen Raul Lopezen gainean, eta bere onetik atera zuen. Bizkaiaren eraso jokaldi guztiak kamustu zituen Errusiako taldeak, eta lau minututan 10 puntuko zuloa ireki zuen: 50-40 atsedenaldira iritsi aurretik, eta aurpegi txarrak bizkaitarren artean. Azpimarratzeko modukoa da CSKAren aireratzea aulkiko jokalari batek eragin zuela: Andrei Vorontsevitx.
Lehen kolpea€eman zuen Moskuko CSKAk, eta kanporaketako lehena aldageletatik bueltatu eta berehala erabakiko zen. Onean edo txarrean. Txarrean izan zen, zoritxarrez. 10-2ko partziala lortu zuen aurrena CSKAk, defentsan baloi pare bat bereganatu eta kontraeraso errazak bukatuz. Horietako bat saskibaloi eskolatan erakusteko modukoa izan zen. Kirilenkok baloia lapurtu, pase azkarra Khriapari, alley-oop erraza eta Krstic eta Xvedek, biek batera, saskia txikitu. Defentsa ona, kontraerasoa eta puntu errazak. Ez dago aurkariaren buruko indarra kaltetzeko bide hoberik.
Hutsartea eskatu zuen Katsikarisek, 57-42koarekin, baina partida hautsita zegoen. Teodosicek hiru hiruko saskiratzea erabaki zuelako jarraian. Bakarrik jaurti zuen bat, baina beste biak jaurtiketa zailak izan ziren. Barrura halere, urteko bi milioi euro irabazten dituenaren lana delako, eta akabo partida. 68-44 etxekoak nagusi, eta burua, biharko neurketan. 0-0 hasita zaila delako CSKA menderatzea, eta 24 puntuko kontrako aldearekin, ezinezkoa.
Panorama beltza
Bizkaiak apenas izango du atsedena atzoko kolpea gainditzeko. Partidako bideoa ikusiko dute gaur jokalariek eta teknikariek, eta egindako akatsak ez errepikatzen ahalegindu bihar, baina ez da erraza. Asko hobetuta ere, lan nekeza delako CSKAren emanari oztopo handia jartzea. Agerian geratu da 80-90 puntuko partida batean jai duela Bizkaiak, edozein unetan defentsan estutzeko gaitasuna duelako CSKAk, trantsizio azkarretan mina egiteko.
Esatea, ordea, erraza da, baina posible al da partidako 85 puntu saskiratzen dituen talde 65 edo 70 puntura mugatzea? Posible bada, Galatasarayk lortu zuen. CSKAk, ordea, ez zeukan ezer jokoan Top 16ko partida hartan, eta bihar bai, bihar dena du jokoan. 2-0koa, azken-laurdenetan 3-0 irabazteko aukera, eta aurkariei mezu gardena emateko aukera.
Saskibaloia. Euroligako final-laurdenak. CSKA Mosku 98. Gescrap Bizkaia 71
Labana eta gurina
Bere boterea erakutsi nahi izan du CSKAk, eta hankapean ibili du Gescrap Bizkaia kanporaketako lehen partidanCSKAko jokalari guztiak aritu dira txukun; eta Bizkaiko denak ohi baino kaskarrago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu