Magia dario Buesa Arenari sasoi honetan. Begi ninietan iltzatuta, eta ahal bada bideotekan ere ondo gordeta izateko moduko makina bat partida hartu ditu. Europako handi gehienek amore eman dute bertan eta norgehiagoka asko epikoak izan dira. Atzo Bartzelona izan zen burua makurtu behar izan zuena, eta nola gainera. Baskoniak galduta zuen partidari buelta eman zion azken hiru minutuetan eta luzapenean irabazi zuen. Bide batez, 2-1ekoa jarri zuen ACB ligako finalerdietan eta etzi berriz ere elkar ikusiko dute. Eta erne, Baskonia bizirik dago.
Ioannis Burusis izan zen partidako izarra. Europako pibotik onena dela erakutsi du sasoi honetan eta atzo galoiak jantzi zituen. A ze partida berea! 33 puntu sartu zituen —sei hiruko—, hamar errebote hartu eta lau asistentzia eman. Berarekin taldea beste bat da, eta atzo ezinezkoa zirudien saskiratze batekin behartu zuen luzapena. Arauzko denbora bukatzeko 0,9 segundo falta ziren, Baskonia bi puntugatik galtzen ari zen, eta bere saskipetik atera behar zuen. Garaipenak miraria zirudien, eta gertatu zen. Tira, Hangak eta Burusisek gertarazi zuten. Hegalekoak beste saskipera luze atera eta Burusisek ehizatu zuen baloia. Tomici aurrea hartu zion eta baloia eskuz aldatuta partida berdindu zuen.
Hori, baina, ez zen izan balentria bakarra, partida amaitzeko hiru minutu falta zirenean hamar puntugatik galtzen ari baitzen Baskonia (55-65, 37. min.). Gasteizko taldea leher eginda zegoen, baina Baskonia Izaera delakoaren enegarren erakustaldia iritsi zen. Adamsek eta Bertansek partida oso txikia jokatu zuten ordura arte, etxekoen kanpoko lerroa osoa bezala, baina azken minutuetan ardura hartu eta asmatu egin zuten. Hiru hiruko sartu zituzten eta Burusisek, azken jokaldian, Bartzelona jota utzi zuen.
Luzapena falta zen baina, eta Bartzelona freskoago zegoen. Baskoniak, ordea, adorea zuen alde eta askotan garrantzitsuagoa da burua fresko izatea hankak baino. Bartzelonaren aldetik Satoranskyk hartu zuen ardura, partida handia harena (19 puntu). Baskoniaren aldetik, berriz, Mikek James (19 puntu). Liga bukaeran Adamsen itzalean gelditzen ari zela zirudien baina luzapenean baloia eskatu zuen. Bere unea zen, ausartentzako unea eta zortzi puntu sartu zituen barnealdi trebeei esker. Eromenak zaleak irentsi zituen eta fedea berreskuratu zuten. Baskoniak berarengan sinesteak merezi duela erakutsi du, eta nork jakin.
Laboral Kutxa Baskonia. Adams (11), Bertans (8), Hanga (2), Tillie (4), Planinic (5) —hasierako bostekoa— James (17), Roll (2), Xengelia (8) eta Burusis (32).
Bartzelona. Satoransky (19), Navarro (8), Abrines (14), Doellman (6), Tomic (13)—hasierako bostekoa— Arroyo, Oleson (2), Ribas (8), Perperoglu, Vezenkov, Lawal eta Samuels (13).
Markagailua. 15-21, 32-37 (atsedenaldian); 45-54, 76-76 eta 89-83.