«Buruz oso ondo gaude, beste talde guztiak baino hobeto, eta fisikoki ere nahiko ondo». Sito Alonsoren hitzak, atzo. Donostia eta Gipuzkoan Valentziaren aurkako kanporaketaren inguruan susmatzen den baikortasunaz, berriz, honatx: «Ondo iruditzen zait taldearen gaitasunean konfiantza dutela esan nahi duelako». Horrek Lagun Aro faborito dela esan nahi al du? «Ez, inola ere ez. Kontuz Valentziarekin. Laugarren postuan bukatu du liga erregularra, eta ohituta dago talde handien arrastoan bizitzen. Baliabide asko eta onak dituzte, eta altxortegi ona ustekabeko lesioei erantzuteko, Taequan Deanen fitxaketarekin erakutsi duten moduan».
Lagun Arok lehen aldiz parte hartuko du kanporaketetan, eta hori garrantzitsua da entrenatzailearen ustez: «hasi berriak iritsi eta berehala kanporatzen dituzte. Guk kantxa faktorea aurka daukagu, eta ligako bi partidetan menderatu egin gaituzte, beraz haiek dira faborito finalerdietara pasatzeko». Garbi du gakoa zein izango den: «Ondo jokatzea, eta guk hori sentitzea. Gure joko alai, dinamikoa, puntu askora egiten badugu, garaipenetik gertu ibiliko gara, eta hala ez badugu egiten, ez». Valentziak bi hutsune garrantztsu izango ditu: Serhii Listxuk eta Rafa Martinez.
VALENTZIA-LAGUN ARO
Txapelketa. ACB ligako azken-laurdenetako lehenengo partida. Bi garaipen lortzen dituen taldeak lortuko du finalerdiak jokatzeko txartela.
Valentzia. Markovic, San Miguel, De Colo, Abia, Kuksiks, Dean, Newley, Claver, Ogilvy eta Faverani.
Lagun Aro GBC. Salgado, Neto, Lasa, Papamakarios, Baron, Vidal, Panko, Lorant, Korolev, Ogide, Doblas eta Betts.
Lekua. La Fonteta pabiloia (8.500 eserleku).
Ordua. 20:30 (Orange Arena).
Saskibaloia. ACB ligako titulurako kanporaketak
Lagun Arok ezin du sobera fidatu Valentziarekin: ez da zailena, ezta errazena ere
Bi jokalari garrantzitsu falta dituzte etxekoek, Rafa Martinez eta Listxuk, baina Taequan Dean fitxatu berri dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu